UEUk 25 ikastaro eskainiko ditu udazkeneko eskaintzan Baionan, Eibarren eta Iruñean

Menikak (ezkerrean) eta Sarasuak aurkeztu dute UEUko udazkeneko eskaintza
Udako Euskal Unibertsitatea
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2011 14:58

Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko jardunaldi bat ere antolatu du Iruñean, urriaren 8rako


BILBO, 28 Sep. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere udazkeneko eskaintza aurkeztu du gaur, irailaren 28an, bere ikastetxe nagusian, Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa Jauregian. Guztira 25 ikastaro eskainiko ditu UEUk Baionan, Eibarren eta Iruñean urria eta abendua bitartean.

Udazkeneko eskaintza horren berri eman dute Ane Sarasua UEUko kudeatzaile nagusiak eta Mari Karmen Menika ikastetxe nagusiko arduradunak). Urriaren 8an egingo den "Nafarroako konkista berrikusten (1512-2012)" jardunaldia ere aurkeztu dute ekitaldian.

Etengabeko prestakuntzaren eskaintza "egonkortu" egin du UEUk, eta, Ane Sarasuak azaldu duenez, "Eibarko eta Debabarrenako erreferentzia akademikoa" izan nahi du UEUk, eta horretarako, ikastetxe nagusian eskaintza propioaren atala zabaltzea erabaki zen. "Eibar inguruko euskarazko prestakuntza eskaintza zabaldu nahi dugu, beti ere, etengabeko prestakuntzaren alorrean", gaineratu du.

Horrela, azken sei urteetan bezala, udako eskaintzaren ostean, udazkenean eta udaberrian ere ikastaroak eskainiko dira Markeskoa Jauregian. Udazken honetarako UEUk Eibarren bederatzi ikastaro antolatu ditu, hiru atal nagusitan banatuta: "Informatika eta teknologia berriak", "Giza eta gizarte-gaiak" eta "Bizitzaren zientziak".

Baionan zazpi ikastaro antolatu ditu UEUk. Ikastarook Baionako IUT unibertsitatean emango dira eta bi atal nagusiren ingurukoak dira: "Giza eta gizarte-gaiak" eta "Osasuna". Iruñean antolatutako bederatzi ikastaroek UEUren udazkeneko eskaintza osatuko dute. Jaso ikastolan eskainiko dira eta bi atal nagusitan banatuta daude: "Giza eta gizarte-gaiak" eta "Bizitzaren zientziak".

GIZARTE-ESKAERA

Eskaintza "zabala eta gizartera egokitutakoa" da UEUk prestatu duena. Mari Karmen Menikak azaldu duenez, UEUk eskaera soziala hartu nahi izan du kontuan. Izan ere, hainbat ikastarok arrakasta izan zuten aurreko edizioan ("Moodle 2.0ren oinarrizko erabilera", "Komunikazio eraginkorraren artea") edo udako ikastaroetan ("Guraso/Hezitzaile eta haurren arteko elkar ulertzea", "Ordenagailuz lagundutako itzulpenak MS Word gabe", "Norberaren komunikazio-gaitasuna lantzeko tailerra"), eta jende ugari parte hartzeko aukera barik geratu zela esan du. "Gizartean dagoen premiari erantzuteko asmotan ikastaro horiek beste behin eskaintzea pentsatu dugu", azaldu du.

Gaurkotasuna duten gaiak ere eskaini nahi izan ditu UEUk udazken honetan, eta hizkuntza, komunikazioa eta teknologia berrien inguruko ikastaroak antolatu ditu bide horretan. Interes orokorreko gaiak ere jorratuko dira, eta horrela, mota guztietako ikasleengana eta gizarte-esparru guztietara heldu nahi du UEUk.

Mari Karmen Menikak nabarmendu duenez, "kalitatezko eskaintza egitea da UEUren helburua. Markeskoako ikastetxe nagusia Eibarrentzako eta inguruetako herrientzako erreferentzia akademikoa bihurtzea gura dugu". Horretara dator euskarazko prestakuntzaren eskaintza zabaltzeko ahalegina eta lana. Gainera, UEUk Euskal Herrira zabaldutako eskaintza du ardatz, eta horregatik, Eibarren ez ezik, Baionan eta Iruñean beste hainbeste ikastaro eskainiko ditu.

Ahalik eta jende gehiagorengana iristeko, zenbait formatutako ikastaroak antolatu ditu UEUk. Ildo horretatik, ikastaroak laburrak dira, 10 eta 30 ordu bitartekoak, eta ordutegiak ere zaindu egin dira: badaude arratsaldeko ordutegia dutenak eta larunbat goizetan emango direnak ere. Ikastaro horietan guztietan beren esparruan adituak diren irakasleak izango dira Markeskoan.

ON LINE IKASTAROAK

Teknologia berriek lekuari eta ordutegiari lotutako mendekotasuna arintzeko aukera ematen dute, eta hortaz baliatuz, UEUk on line ikastaroak eskaintzeari ere ekin dio. Alde batetik, "Geogebra erabiltzen ikasi" ikastaroa guztiz on line izango da, hau da, ikasgelako saiorik gabekoa. Horregatik, munduko edozein euskaldunek jarraitu ahal izango dute. Geogebra software libreko programa da eta matematikako zenbait arlo lantzeko erabil daiteke (geometria, analisia, aritmetika, estatistika eta probabilitatea).

Beste aldetik, "Moodle 2.0-ren oinarrizko erabilera" ikastaroak ikasgelako saio bakarra izango du Eibarren. Moodle irakaskuntza kudeatzeko sistema denez, batez ere irakasleei zuzendutako ikastaroa da, haien irakasgaia ordenagailu bidez emateko aukeren berri izan dezaten.

Horrenbestez, UEUk udazkenerako eskainiko dituen ikastaroetan software librea ere hobetsiko da. Baionan, itzulpengintza arloko bi ikastarotako edukiak programa libreen ingurukoak izango dira ("Wordfast 5: hastapenak" eta "Ordenagailuz lagundutako itzulpena MS Word gabe").

Eibarren eskainiko diren on line ikastaroek software librean garatutako bi programa hartuko dute kontuan ("Moodle 2.0-ren oinarrizko erabilera" eta "Geogebra erabiltzen ikasi: hastapenak"). Iruñean, azkenik, irudiak editatzeko GIMP programaren libreari buruzko ikastaroa eskainiko du UEUk ("Argazkigintza digitala eta GIMP, irudiak editatzeko programa librea").

Bestalde, Eibarko eta Elgoibarko udalak bertan erroldatutako herritarrentzat diru-laguntzak emango dituztela iragarri dute. Halaber, matrikula prezio bereziak daude ikasle, langabe eta jubilatuentzat.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta epe hori ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago amaituko da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak bi bide ditu eskura: www.ueu.org webgunea eta telefonoa (0559 25 60 56, Baiona; 943 82 14 26, Eibar eta 948 36 25 63, Iruñea).

JARDUNALDIA

Bestalde, ikasturte honetan, Nafarroako konkistaren 5. mendeurrenean, UEUk horren inguruko ikerkuntzak bilduko dituen jardunaldia antolatu du, urriaren 8rako, Iruñeko Jaso ikastolako Areto Nagusian. "Nafarroako konkista (1512-2012) berrikusten" izenburupean, punta-puntako hizlariek konkistaren alde juridikoa, arkeologikoa, literarioa eta politikoa azalduko dituzte. Matrikulazioa doan izango da.

Jardunaldiko hizlarien artean daude Roldan Jimeno Aranguren Historian lizentziatua eta Zuzenbidearen Historian irakaslea NUPen,

Juantxo Agirre Mauleon Arkeologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, Santiago Leone Puncel Historian doktorea, Emilio Majuelo Gil historialaria eta NUPeko irakaslea, Patxi Larrion Galdeano Historian lizentziatua eta Patxi Abasolo Lopez (1512-2012 Nafarroa Bizirik elkarteko kidea.

Mahai-inguru bat ere egingo da, "Konkista gaur egungo politikatik" izenburupean, eta Joseba Asieron Saez Historian doktorearen, Floren Aoiz Monreal historialariaren eta Bixente Serrano Izko historialariaren partaidetzarekin.

Jardunaldian izena emateko azken eguna urriaren 1a izango da. Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egin nahi duenak www.ueu.org helbidean argibide gehiago aurkituko ditu.