UEUk udako ikastaroen "balorazio positiboa" egin du, "egoera delikatuan" egon arren

Irati Iciar
UEU
Actualizado: miércoles, 24 julio 2013 16:05

BILBO, 24 Jul. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateko (EHU) 40+1 udako ikastaroak amaitu dira eta "balorazioa positiboa" egin du antolakuntzak, egoera zailaren aurrean jendearen parte hartzea eta lanerako gogoa "oso handia" izan direlako. Iruñean izan dira azken ikastaroak, Eibar eta Baionatik pasa ondoren, eta, Irati Iciar udako ikastaroen antolatzaileak adierazi duenez, "egoera delikatuan aurkitzen da UEU, eta horregatik da pozgarria udako ikastaroetan izan ditugun emaitza onak". Orokorrean, "ikastaldi arrakastatsua" izan dela nabarmendu du Iciarrek.

Aurtengo ikastaldia planteatu zutenean, bi ideiarekin egin zutela azaldu du. Lehena, iaz hasitako UEUren aintzatespen kanpainarekin jarraitzea. "Iaz, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza galtzean udako ikastaroak erabili genituen errekonozimendua lantzeko 40. urteurrena aprobetxatuz. UEUrentzat kanpaina garrantzitsu bat izan zen. Aurten erakutsi nahi genuen, krisian jarraitzen dugula, egoera delikatuan gaudela, eta horregatik erabili dugu 40+1 ideia, oraindik lanean jardun behar dugulako egoerari buelta emateko. UEUk lanean jarraitu behar du, beharrezkoa delako", azaldu du.

Bigarren ideia, UEUren "oinarri soziala berpiztea" eta auzolanaren bitartez UEUren "beharrezkotasun hori lantzen joatea" izan da. Ikastaroak UEUko sailek edo bazkideek antolatuak izan dira eta "oso eskertuta" agertu da horregatik Iciar. "Baina baita UEUren orbitan daudenek edota urtean zehar edo urteetan zehar profesionalki gurekin lanean jardun dutenek. Alde horretatik ere, UEUren izaera soziala indartu nahi izan dugu, UEUren ezaugarri garrantzitsuenetako bat", gaineratu du.

Urtarrilean hasi ziren ikastaroak antolatzen, baina beti bezala, matrikulazioak dira ikastaldi bat baldintzatzen dutenak, eta horregatik, garrantzi handia izan du bazkideen bitartez egin den zabalkundeak. Aurten matrikulazioa oso ondo joan da, ia 500 matrikulazio izan baitira, iaz baino %21 gehiago. 500 ikasle eta 120 irakasle izan dira, eta, lehen balorazioen arabera, "ikasleak gustura geratu direla dirudi". "Oso datu onak dira eta oso pozik gaude", azpimarratu du.

Iciarrek berriro esan du UEU "egoera delikatuan" dagoela, eta horregatik, aurtengo ikastaroetan laguntza beharrarekin jarraitzen dutela adierazi nahi izan dute. Horregatik jarri zioten +1 aurtengo edizioari, "egoera honetan urte bat pasa dela adierazteko".