Umeak kalean jolasten dutenean euskara erabiltzea xede duen ekimen bat hasiko da Martuteneko jolaslekuetan (Donostia)

Kalean jolasten daudenean umeek euskara erabiltzea da ekimenaren asmoa
AYUNTAMIENTO DE PALMA
Actualizado: martes, 5 marzo 2013 12:04

DONOSTIA, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Martuteneko Euskara Batzordeak elkarlanean antolatutako "Parketarrak" izeneko egitasmoa martxan jarriko da gaur Martutenen. Ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez.

Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolatua; eta bestea 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, gaur, 17:00etatik 18:00etara, Martuteneko Parke Nagusian 3-5 urte dituzten haurrentzako jokoak antolatuko dira, eta ordu berean, 6 eta 9 urte bitartekoentzat jokoak egingo dira futbito zelaiaren ondoko parkean. Joko hauek doan izango dira.

Joan den urteko urrian antolatu zen lehen aldiz "Parketarrak" ekimena Martutenen eta arrakastatsua izan zen oso. Hori dela eta, aurten segida emango zaio ekimen honi eta, hil honetan, asteartero arratsaldez egingo da, hilaren 5, 12, 19 eta 26an.

"Parketarrak" ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da. Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da.

Ekimenaren sustatzaileen arabera, "garrantzitsua da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelerara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko".

"Haurrek eta gazteek, sarritan, euskara eskolan bakarrik erabiltzen dute edota familian. Kalean, berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena lagungarria da", azaldu dute.