Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa Euskadi osora zabalduko da 2019an

Darpon eta Urkullu mediku baten azalpena entzuten
IREKIA
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 12:57

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa pilotua hasi du eta lehen gutunak bidali dizkie jada Debabarrena eskualdeko 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei, osasun zentroko emaginarengana proba erraza egitera joateko hitzorduarekin. Lehen probak ekainaren 28an egingo dira, urteko azken hiruhilekoan programa Arabako ESIra zabalduko da eta baheketaren ezarpena Euskadi osora 2019an zabaltzen joango da.

Programaren bidez, umetoki lepoko minbiziaren kasuak murriztu nahi dira. 2023rako erabat ezarrita egongo da, Euskadiko hiru lurraldeetan, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakume guztiak parte hartzera gonbidatuko dira. Programa horrez gain, Osakidetzak martxan ditu detekzio goiztiarreko beste bi programa eta parte hartze tasa handia dute: Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa eta Bularreko Minbiziaren Bakeheta.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak programa aurkeztu du Debako osasun zentroan, Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera. Mezu positiboa eman nahi izan diote euskal gizarteari, detekzio goiztiarrari eta asistentzia-kalitateari esker, Euskadin lortzen ari baita minbizitik bizirik irauten dutenen kopuruak oro har gora egitea, Estatu eta Europako batez bestekoen gainetik.

Programaren lehen fase pilotua hasiko duten Osakidetzako profesionalen taldearekin bilera egin ondoren, Urkulluk adierazi du Osakidetzak eta Osasun Sailak prebentzio eta diagnostiko goiztiarraren alde egiten jarraituko dutela, baita "programa horietara berdintasun baldintzetan jotzeko aukeraren alde", eta, horretarako, "dauden desberdintasunak ezabatzen" ari direla, "bizirik irauten dutenen tasak areagotzeko".