Umore Azoka Leioak 50 talde aukeratu ditu 18. edizioan parte hartzeko, horietako 22 Euskal Herrikoak

Aurtengo edizioaren kartela
UMORE AZOKA LEIOA
Actualizado: jueves, 23 febrero 2017 12:55

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azoka Leioa Kaleko Artisten Azokak aukeratu ditu dagoeneko maiatzaren 18tik 21era ospatuko den 18. edizioan parte hartuko duten 50 konpainiak. Lehiaketaren kudeaketa artistikoaren ardura duen Leioako Udaleko Kultura Sailak jasotako 500 proposamenen azterketa zorrotza egin du, eta, azkenean, Euskal Herriko 22 konpainiak, Espainiako 20k eta beste herrialde batzuetako zortzik parte hartuko dute egitaraua osatzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurreko edizioetan bezala, programatutako ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira, behintzat sektore profesionalean, eta Leioara doazen ikus-entzuleek egungo kaleko arte panoramako konpainia garrantzitsuenetako batzuen orain arte ikusi gabeko proposamenak ikusteko aukera izango dute. Horrela, Bizkaiko herriko kaleetan erabateko 22 estreinaldi, kaleko hiru estreinaldi, Espainia mailako bi estreinaldi, aurre estreinaldi bat eta "work in progress" bat izango dira.

Halaber, "Bertako Eszena" ekimena ere egingo da aurten. Egitasmo honetan Leioako ordezkari artistikoek euren lekua izango dute. Herriko talentuaren aldeko apustua martxan jarriko den bigarren urtea izango da, "iaz lortutako emaitza pozgarrien ondoren".

Guztira, Leioako aire zabaleko guneetan eta ohikoak ez diren lekuetan eskainiko diren 150 emanaldi baino gehiago izango dira azokan, doako sarrerarekin eta ikus-entzule guztientzat egokiak diren diziplina anitzetan. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira aurten ere programazioaren ardatzak. Diziplina anitzeko ikuskizunak eta mota guztietako generoak izango dira, hala nola musika, bertsolaritza, magia, clown, piroteknia, multimedia, txotxongiloak, automatak eta fakirismoa.

22 EUSKAL TALDE

Euskal Herriko 22 konpainiek 23 ikuskizun eskainiko dituzte, eta horien arteko 16 lehen aldiz ikusi ahal izango dira. "Horrek finkatu egiten du Leioak gure herrialdeko kaleko sorkuntza lanen erakusleiho gisa betetzen duen lekua", nabarmendu du antolakuntzak.

Halaber, Espainiako Estatutik 20 konpainia helduko dira Leioara: Kataluniako bederatzi, Andaluziako hiru, Gaztela eta Leongo bi eta Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Balear Uharteetako eta Murtziako bana.

Beste herrialñde batzuei dagokionez, kaleko arte eszenikoetan erreferentziazkoa den Frantzia izango da berriro konpainia gehien aurkeztuko dituena -lau, gehi Uruguairekin batera egindako ekoizpena-. Hungariatik, Herbehereetatik eta Suitzatik heldutako taldeak ere izango ditugu gure artean.