Unibertsitarioei EEPetan EGA behar ez izatea ahalbidetuko dien dekretua 2010ean indarrean egotea espero du Jaurlaritzak

Actualizado: jueves, 27 enero 2011 14:25

Lurdes Auzmendik uste du EAEn euskaldunak %30 izateak "putzutik atera" garela esateko modua eskaintzen duela


BILBO, 27 Ene. (EUROPA PRESS) -

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, ikasketak euskaraz egin dituzten unibertsitarioei Enplegu Eskaintza Publikoetan (EEP) Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) behar ez izatea ahalbidetuko dien dekretua 2011-2012 ikasturtearen amaieran egongo da indarrean.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskaldunen kopurua %30 izateak "putzutik atera" garela esateko modua eskaintzen duela ziurtatu du. Hala ere, erne egon behar dela eta euskararen sustapenean "ildo berdina" mantendu behar dela nabarmendu du.

ETBri eskainitako eta Europa Press-ek jasotako elkarrizketa batean, Auzmendik gogoratu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Hezkuntza Saila elkarrekin lanean ari direla unibertsitate-ikasketa "gehiena" euskaraz egin duten gazteek, behin ikasketak bukatuta, EGA edo C1 maila egiaztatua izan dezaten. Derrigorrezko hezkuntza euskaraz egin dutenek B2 maila izatea eta lehen mailakoa egin dutenek B1 maila izatea ere aurreikusi da.

"Zentzugabea deritzogu 15 edo 20 urte euskaraz ikasten daramatzatzenak, beren unibertsitate-ikasketak behin bukatuta, azterketa batera joan behar izatea hori egiaztatzeko", azaldu du.

Zehazki, dekretu berriarekin, pertsona horiek ez dute titulua lortzeko azterketarik egin behar izango "Administraziora sartzeko lan-deialdi guztietan". "Hau da, ez zaie titulua emango, baina ez dute egiaztatu beharrik izango", argitu du.

Oraingoz, harremanetan jarraitzen dute unibertsitatearekin eta Hezkuntza Sailarekin neurriaren atzeraeraginkortasuna "nolabaiteko malgutasunarekin" ebaluatzeko. Oraindik akordioa lortzeko datari ez dagoen arren, Auzmendik iragarri duenez, 2011-2012 ikasturtearen amaierarako "zergati horrekin formulatuko den dekretua indarrean egongo da".

Hizkuntza Politikarako sailburuordearen iritziz, litekeena da neurri honekin euskaltegi askok "zenbait bezero" galtzea, baina euskaltegiek euskalduntzean eta alfabetatzean "urte askotarako etorkizun oso garrantzitsua" dutela nabarmendu du.

EREDUAK

Auzmendirentzat, hezkuntzako egungo A, B eta D hizkuntza-ereduen sistema "gero eta lausoagoa da, hasieran, eredu oso zorrotzak zirelako", baina orain "zentro askok malgutasun falta hori gainditzen ari direlako". "Gaur egun elebidunetatik haratago doazen ereduak ditugu, baita hiruledunak ere", gaineratu du.

Bere ustez, gurasoak dira aukeraketa egiten dutenak, eta "gehienek" seme-alabek "euskaraz ikastea" erabakitzen dute. "Hortik dator EAEko gehien-gehienak B eta D ereduetan egotea. Errealitatea hor dago", azpimarratu du.

EUSKALDUNTZEA

Bestalde, Lurdes Auzmendik adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko euskaldunen kopurua dagoeneko %30 izateak "putzutik atera" garela erakusten duela, gutxi gorabehera euskaldunen %16ko kopurutik abiatu ondoren.

"Bilakera izugarri handia izan da azken urteetan, normalizazioaren eta erabileraren alde egin diren politikek ondorioak ematen ari direlako", esan du. Hala ere, erne egoteko eta "ildo berean jarraitzeko" deia egin du.

EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA

Azkenik, Auzmendik espero du Euskararen Aholku Batzordea "oso baliagarria" izatea, eta erakunde "oso oso garrantzitsua" dela nabarmendu du, erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak biltzen direlako bertan.

"Euskara ezagutzen duten adituen talde bat dugu, eta datozen urteetan euskararen normalizazioan aurrera egiten lagunduko diguten jarduerak eztabaidatzeko eta planifikatzeko bilduko gara", azaldu du.