Unibertsitate-ikasleak Bizkaiko enpresa, zientzia eta teknologiaren errealitatera hurbilduko dituen programa bat hasi da

Actualizado: lunes, 21 febrero 2011 12:28

BILBO, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako bizkaia:xede elkarteak 'Talentia' programa jarri dute abian. Egitasmoa 2010ean jarri zen martxan Deustuko Unibertsitatean programa eredugarri moduan, eta euskal ikasle unibertsitario prestatuenak Bizkaiko enpresen, zientziaren eta teknologiaren errealitatera hurbiltzea eta bertan inplikatzea du helburu nagusi.

Ospe handiko eta erreferentziako programa izan nahi du Bizkaiko unibertsitarioen artean, eta ikasketak amaitzen ari diren ikasleei eskaintzen die prestakuntza akademikoko azken hilabeteei onura handiagoa eta hobea ateratzeko aukera.

Horri esker, ikasleek banan-banako lan-orientazioa eta orientazio profesionala jaso ahal izango dute, euren etorkizun profesionalari begira garrantzitsuak diren tailer profesionaletan, mintegi tematikoetan eta hitzaldietan parte hartu dezakete, Bizkaian enpresen, zientziaren eta teknologiaren arloan garatzen diren proiektuak ezagutu eta Bizkaiko ekonomiako zein gizarteko sektore nabarienek nolako aukerak eskaintzen dituzten jakin ahal izango dituzte, eta Euskadiko enpresa, gizarte eta zientzia arloan lan-ibilbide arrakastatsua garatzeko aukera eduki duten pertsona ezagunengana hurbildu ahal izango dira.

Proiektuaren sustatzaileek adierazi dutenez, EHUn eta Deustuko Unibertsitatean inplikatutako zentroetako dekanotzak eta zuzendaritzak azarotik egon dira lanean, egitasmoan parte hartuko duten ikasleak aztertzeko. Prozesu latza garatu ondoren, "ustezko talentuak" hautatu dituzte, programako esperientzia pribilegiatuaz goza dezaten.

Bi unibertsitateek 140 ikasle hautatu dituzte (73 lagun EHUkoak dira, eta 67 Deustuko Unibertsitatekoak), eta horretarako, honako hautaketa-irizpideak hartu dituzte kontuan, besteak beste: espediente akademikoa, hizkuntzen ezagutza, irakasleen txostenak, nazioarteko esperientzia (Erasmus edo antzekoa) edo ikasketez kanpoko jardueretako partaidetza.

Ikasleek 'Talentia' programan otsailetik maiatzera parte hartuko dutenez, ardura eta ahalegin handiagoa egin beharko dute unibertsitateko ikasketen amaieran. Era berean, programa arrakastaz amaituz gero, kasuan kasuko unibertsitateak eta bizkaia:xede elkarteak emandako ziurtagiria jasoko dute, bertan parte hartu dutela adierazteko.

JAKINTZA-ARLOAK

Euren ikasketetako jakintza-arloen arabera, honela banatu dira unibertsitate-ikasleak: %30 ikasketa tekniko eta ingeniaritzetakoak dira; %23, humanitate eta gizarte-zientzietakoak; %19, ekonomia zein enpresaren arloko ikasketetakoak; %8, psikologiakoak; %7, sormen, arte eta diseinuaren adarretakoak; beste %7, arlo juridikokoak; eta, azkenik, %6, natur zientziako nahiz medikuntzako ikasketetakoak.

Gaur, arratsaldeko 15:30etan, EHUko Paraninfoan hasiko da programa, eta asteazkenean, otsailaren 23an, Deustuko Unibertsitateko Eraikin Nagusian. EHUko hasiera-ekitaldian, Mari Carmen Gallastegi EHUko Ekonomiako katedradun eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako sailburu ohiak eta Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak parte hartuko dute.

Otsailaren 23an, ordea, Deustuko Unibertsitatean, Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gizarte Salako presidenteak inauguratuko du programa, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa den Jose Luis Avila Oriverekin batera.

Lehen hasiera-ekitaldi horien osteko jarduera bizi-bizia izango da martxoan, apirilean eta maiatzean. Horrela, esaterako, martxoan 12 tailer profesional egingo dira, eta martxoan eta apirilean bisitak egingo dira Bizkaiko Parke Teknologikora eta lurralde historikoko enpresa nabarmenetara.

Gainera, Pedro Luis Uriartek, Koldo Saratxagak edo Jon Azuak hitzaldiak emango dituzte, eta ikasleon curriculumak Bizkaiko enpresaren esku jartzeko prozesu bat burutuko da.

Maiatzean, azterketen aldia baino lehen, banan-banako orientazio profesionala emango zaie, baita laguntzei, bekei zein diru-laguntzei buruzko informazio-saioak ere, zentro akademiko ospetsuetan ikaskuntza-prozesua egiten jarrai dezaten.