Unibertsitateko 25 ikaslek harremanak egin dituzte enpresekin Tecnun Enplegu Foroan parte hartu ondoren

Actualizado: jueves, 28 febrero 2013 13:33

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Tecnun Enplegu Foroaren 20. edizioan hainbat euskal enpresak parte hartu zuten joan den astean, tartean BIC Berrilan Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, eta unibertsitateko 25 ikaslek adierazi dute praktikak egin nahi dituztela zentro horri lotutako enpresetan, SPRI Taldeko iturriek jakinarazi dutenez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (SPRIren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debabarrenako Ekonomiaren Garapenerako Elkarteak sortu zuten BIC Berrilan, Donostiako eta Hernaniko udalen laguntzarekin.

Otsailaren 20an eta 21ean ospatu zen Tecnun Enplegu Foroa, Donostian, Nafarroako Unibertsitateak sustatuta. Aipatu iturrien arabera, "ekimen arrakastatsua" izan zen, besteak beste, sektore hauetako hiru enpresa-ideia berri eta karrera amaierako bost proiektu aurkeztu baitziren: telekomunikazioak, teknologia berriak, industria ingeniaritza, eta abar.

Tecnun Enplegu Foroaren helburua da enpresen eta azken ikasturteetako ikasleen arteko zuzeneko harremana bideratzea. Enpresek aurkezpenak, elkarrizketak eta errekrutamendu prozesuak egin dituzte, karrera amaierako proiektuak, praktikak eta lehenbiziko lanpostua bilatzen laguntzeko.

BIC Berrilan-ek foroan parte hartu zuen ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzeko eta berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko, "funtsezko eragileak baitira unibertsitatearen esparrutik enpresa ekimen berriak abiarazteko". Zentroko arduradunek bitartekari-lana ere egin zuten 'start-up' enpresen eta ikasleen artean, praktiketarako edota karrera amaierako proiektuetarako elkarrizketak bideratzeko.