Unibertsitateko ikasleek nanoGUNEko ikertzaileekin udako praktikak egiteko aukera izango dute

Praktikak egiteko aukera izango dute unibertsitate ikasleek
NANOGUNE
Actualizado: viernes, 13 enero 2017 11:23

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboak udako praktiken programan parte hartzeko urteroko deialdia zabaldu berri du, eta horrela aukera eskainiko die unibertsitateko ikasleei, puntako ikerketa zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen, udan, hilabete eta erdiko edo bi hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango die Fisikako, Kimikako, Biologiako, Ingenieritzako eta Matematikako 3. eta 4. mailako unibertsitateko ikasleei.

Programan, unibertsitateko ikasleak nanoGUNEko ikertzaileekin batera aritzen dira benetako ikerketa proiektuetan, hala nola nanomagnetismoaren, automihiztaduraren, nanobiomekanikaren, nanogailuen, nanomaterialen, nanoirudiaren edo nanoingeniaritzaren arloetan.

Zentro donostiarreko iturriek jakinarazi dutenez, 13 proiektutan aritzeko aukera izango dute aurten. NanoGUNEren webgunean (http://www.nanogune.eu/eus/udako-praktikaldiak) aurki dezakete ikasleek proiektu horiei buruzko informazio xehea, praktikaldiaren iraupena, ordainsaria, ordutegiak eta langaiak, besteak beste.

Interesdunek otsailaren 5a baino lehen bidali beharko dute mezu elektroniko bat webgunean agertzen den helbidera, euren espediente akademikoaren agiriarekin eta curriculum vitaearekin. Hautatzen diren ikasleei otsailaren 17an edo 24an egingo zaie elkarrizketa.

Donostiako nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboa nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egiteko xedearekin jaio zen, Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko.