UPV/EHUko talde batek espermatozoideen hautaketa hobetzen duen estrategia berria garatu du

Espermatozoideak
CLÍNICA MARGEN
Actualizado: viernes, 21 julio 2017 12:22

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Fisiologia katedradun Nerea Subiran buru duen talde batek giza espermatozoideen hautaketa egiteko metodoak hobetzen dituen SpermSelect izeneko proiektua garatu du. Patente fasean dagoen metodoaren helburuak enbrioiaren kalitatea handitu eta laguntza bidezko ugalketako tekniken arrakasta %20 hobetzea dira. Aldi berean, erabiltzeko erraza eta azkarra den hautaketa sorta bat merkaturatu nahi da, laguntza bidezko ugalketako kliniketan urte pare batzuetan erabilgarri izan daitekeena.

UPV/EHUko iturriek jakinarazi dutenez, SpermSelect proiektua espermatozoideen ahalmen ugalkorrak ezagutzeko asmoz egin den hamar urte luzeko lanaren emaitza da. "Mekanismo horiek hobeto ezagutuz gero, ernalezintasuna tratatzeko itu eta estrategia terapeutiko berriak garatzeko aukera izateaz gain, laguntza bidezko ugalketako tratamenduak ere hobe ditzakegu, eta hor kokatzen da gure berrikuntza", Nerea Subiranek nabarmendu duenez.

Bestalde, ezagutza merkatura transferitzea sustatzen duen CaixaImpulse programak aukeratu duen lehen euskal proiektua da, eta, horrni esker, 70.000 euroko diru laguntza jasoko du SpermSelect proiektuak.

"Programari esker, Euskal Herrian garatzen den ikerketa industria bioteknologikoan eta farmazeutikoan eskarmentu handia duten adituen aurrean ezagutarazteko aukera dugu, bai eta gure berrikuntzan oinarritutako start up baten sorreran parte hartzeko interesa izan zezaketen nazioarteko zein estatu mailako inbertsoreen aurrean ere", jakinarazi du ikertzaileak.

ARAZO LARRIA

Zenbatespenen arabera, 186 milioi pertsona inguruk ernalezintasun arazoak dituzte mundu osoan, eta kasuen %30etik %50era bitartean jatorria gizonean dago. Semen parametro normalak dituzten gizonen %20tik %30era bitartean zailtasunak ditu ernalarazteko. Laguntza bidezko ugalketako teknikak paziente horiek duten aukeretako bat badira ere, prozesu guztien heren batek baino ez du emaitza positiborik lortzen.

"Ernalezintasuna benetako arazo bat da egungo gizartetan. Egun, adin batera iritsita, denok daukagu laguntza bidezko ugalketako tratamendu bat jarraitu ahal izateko ugalketa klinika batengana joan behar izan duen ahaide edo lagunen bat", azaldu du Subiranek.

Ondorioz, bere iritziz, "gure berrikuntzak onura ukaezina dakar gizarterako eta, zehazki, beren ugalketa bizitzan zehar ernalezintasun arazoren bat izan duten bikote guztientzat".

Jon Irazusta Astiazaranek, Luis Casis Saenzek, Marta Gianzo Citoresek, Yosu Francok, Itziar Urizar Arenazak, Iraia Muñoa Hoyosek eta Maria Velascok osatzen dute Nerea Subiran buru duen ikerketa taldea.