URA agentzia eta 41 udal bildu dira ibaien mantentze lanak koordinatzeko

Actualizado: martes, 20 octubre 2015 13:42

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

   URA Uraren Euskal Agentzia eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 41 udal bildu dira astearte honetan Gasteizen, ibaien mantentze lanak koordinatzeko oinarriak adosteko. Horretarako, lankidetza hitzarmenak sinatzea sustatu dute.

   Helburua da ahaleginak batzea, plangintza bateratua zehaztea eta ekimen adostuak elkarrekin egin ahal izatea, ibilguen, ibaiertzen eta erriberen ingurunea hobetzea lortzeko, batik bat, ibaiek zeharkatzen dituzten hiri eremuetan, URA agentziako iturriek jakinarazi dutenez.

   Zehazki, bilerara deitutako udalak honako hauek izan dira: Arabako Asparrena, Donemiliaga, Zalduondo, Barrundia, Agurain, Arrazua Ubarrundia, Burgelu, Iruraiz-Gauna, Alegria-Dulantzi, Iruña Oka, Erriberagoitia, Lantziego, Eskuernaga, Leza, Amurrio eta Laudio; Bizkaiko Bilbo, Balmaseda, Zalla, Mungia, Maruri-Jatabe, Gatika, Zornotza, Bermeo, Busturia eta Ea; eta Gipuzkoako Donostia, Errenteria, Legorreta, Andoain, Tolosa eta Legazpi.

   URAk EAEko udal guztiei luzaturiko lankidetzarako gonbiteari baiezkoa eman zioten udalak dira, eta bileran, udalek zuzenean ezagutu ahal izan dute nola koordinatuko diren lantalde ezberdinetako lanak eta nola zehaztuko den harremana udalekin.

   Modu honetan, URA eta udalak lankidetza hitzarmenak egiten hasi dira bi xede lortze aldera: alde batetik, eremu urbanoetan ingurunearen babesa, berreskuratzea, leheneratzea eta hobekuntza, eta, bestetik, ibilguetan diren azpiegituren ur hustuketarako ahalmena mantentzea.

   Azkenik, URAk zehaztu du ibilguen mantentze zerbitzuak ezingo dituela uholdeen balizko eraginak konpondu. Horien arrazoia gehienetan izaten da ur gutxirako ibilguak ezin dituela ur askoko sasoiko emariak hartu, eta, horrenbestez, askotan bere inguruan okupatuta dagoen lurraldea eskatu egiten duela; horregatik, ur goraldien eraginak jasan ditzaketen arrisku guneak babestu egin behar dira, eta erabilera kalteberak saihestu.