URAk, Bizkaiko Aldundiak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak Urdaibaiko Hornidurarako Lurralde Ekintza Plana sinatu dute

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 10:58

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

URA Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailera atxikia), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak Urdaibaiko Ur Hornidurarako Lurralde Ekintzarako Plana egitea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu berri dute.

Erakundeok jakinarazi dutenez, badira urte batzuk Busturialdeko ur hornidura aztergai izan dela: bai horniduraren bermearen ikuspuntutik, bai uraren gehiegizko ustiapenaren ikuspuntutik, horrek dakartzan ingurumenerako kalteak kontuan izanda. Hala ere, oraintsu arte, gai horretan zeresanik duten administrazioak eta ur horniduraz arduratzen den erakundea ez dira bat etorri arazoa konpontzeko egin beharreko ekintzak zehazterako orduan.

Horrela, Urdaibaiko Ur Hornidurarako Lurralde Ekintzarako Plana eskualde bizkaitarreko ur hornidura konpontzeko bidean dator. Plangintza Hidrologikoak ezartzen dituen ingurumen gidalerroetan oinarritzen da plana, horien artean, emari ekologikoak aintzat hartzea. Urdaibaiko ur hornidura hobetzeko planak erraztuko du erakundeek elkarlanean zehazten joatea beharrezkoak diren azpiegiturak.

"Hau da, hirigintza osagarriak dituen agiri batez ari gara, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren VIII. kapituluan xedatzen dena. Agiri horrek, beste egitasmoen artean, lursailak erreserbatzea du helburutzat, besteak beste, Plangintza Hidrologikoan aurreikusitako balizko irtenbideen zati diren azpiegiturak kokatu ahal izateko.

Kasu honetan, Plangintza Hidrologikoak argi zehaztu ditu Busturialdeako Sistemaren ahuleziak, bertan zaila baita hornidura bermea eta emari ekologikoak uztartzea. Izan ere, urteko agorraldi sasoietan biztanleei ur hornidura bermatzeak badu ordainsaririk: eskualdeko lurrazaleko ur hargune nabarmenenek ez dute emari ekologikorik aintzat hartzen (bereziki, Golako eta Mapeko behealdeko ibai tarteetan), ezta lurpeko urek elikatzen dituzten errekastoetan hartutakoak ere (Olalde, adibidez). Hortaz, uda sasoian, sarri ikus daitezke ibai tarteak lehor.

Lurralde Ekintzarako Plana, beraz, Urdaibako hirigintzan betebeharreko eskakizuna da eta lursailak erreserbatzea du xedetzat, besteak beste, Plangintza Hidrologikoan aurreikusitako ur hornidurarako azpiegiturak kokatu ahal izateko.

Behin betiko irtenbidea, seguru aski, baliabideak kanpotik ekartzetik pasa beharko da (lurrazaleko urak zein lurpekoak), kontuan izanda eskuragarri diren baliabideak zehaztu direla, ur eskaeraren aldakortasuna zehaztu dela, ura banatzeko sarearen eraginkortasunari erreparatu zaiola, egin zitezkeen erregulazio lanak egin direla, eta alde batera utzita, Biosferaren Erreserban, ur azaleko baliabideen erregulatze lanak.