URAk Gobela ibaiaren ibilgua zabaltzea bukatu du Getxoko Errekaganen

Gobelan egindago lanak
URA
Actualizado: viernes, 20 noviembre 2015 15:27

BILBO, 20  (EUROPA PRESS)

   URA Uraren Euskal Agentziak Gobela ibaiaren ibilgua zabaltzea bukatu du Getxoko Errekaganen, hain zuzen ere, Avanzadatik Leioako hiribideko zubirainoko tartean. Lanon ibilgu tartea 362 metro luze da, eta 13 metroraino zabaldu da, URAk jakinarazi duenez.

   Errekaganeko tarte horretan, Gobela ibaiaren ibilguaren zabaltzea "oso mugarri garrantzitsua da". Izan ere, lanok ibilgutik bertatik egin behar izan dira, ezinbestean, ibaiertzetan tokirik ez zegoelako. Hortaz, ibaiaren emariaren gorabeherek nabarmen baldintzatu zitzaketen lanok.

   "Zorionez, ordea, azken hiruhilabeteko euri urriak lagun izan dira ibilguaren zabaltze lanak une egokian burutzeko, eta balizko ur handiak baino lehen bukatzeko", azaldu du URAk.

   Datozen hilabeteetan egiteke geratzen diren lanak honako hauek dira: alde batetik, ibilgu berriaren horma bertikalak atontzea, Avanzadatik Carmeneko pasabiderainoko tartean, eta, bestetik, pasabidea bera ordezkatzea zein pasabidetik eta Leioako hiribiderainoko tartea urbanizatzea. Horiek horrela, 2016rako aurreikusten da lanok bukatzea.