Urdaibai Bird Centerek bisitarien marka berria lortu du 2016an, 34.280 bisitarirekin

Zentroa eta Gautegiz-Arteagako padura
URDAIBAI BIRD CENTER
Actualizado: jueves, 5 enero 2017 13:16

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Urdaibai Bird Center zentroak bisitarien errekor berria lortu du 2016. urtean zehar, 34.280 bisitari izan baititu, aurreko urtean baino %22,34 gehiago. Bisitari gehienak (%62), Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroakoak izan dira, zentroaren arduradunek prentsa ohar jakinarazi dutenez.

Hego Euskal Herriko bisitarien ondoren, Espainiako Estatukoak %25 izan dira, eta horien artean nabarmendu direnak Kataluniakoak izan dira (%4). Europako beste herrialdeei dagokienez, 2016an %10 izan dira, Frantziakoak nabarmenduz (%4). Beste herrialde garrantzitsu batzuk Erresuma Batua eta Alemania izan dira. "2016ko datuek ondorioztatzen dute museoak bide onetik jarraitzen duela", azpimarratu dute arduradunek.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta egoteak "toki paregabe honen altxorrak behatzeko aukera ematen du": hegazti migratzaileak eta euren migrazioak. "Museoaren aurrean dagoen Gautegiz-Arteagako padura bizi hutsa da, urteko edozein sasoitan hegazti espezie askoz gozatu baitaiteke. 2016an zehar 200 hegazti espezie inguru behatu dira, eta arrano arrantzalea, mokozabala eta zezen txoria espezie erakargarrienak izan dira", azaldu dute.

Bestalde, 142.617 pertsona izan dira etxetik edo sakelako telefonoz Urdaibai Bird Centerrek antolatutako jarduerez baliatu direnak www.birdcenter.org webgunetik. Gautegiz-Arteaga padurako zuzeneko kamerak, arrano arrantzaleei satelite bidezko jarraipena, hegaztien janleku bateko zuzeneko kamera edota herrialde desberdinetako eskolen multikonferentzia saioa izan dira jarduerok, besteak beste.

Urteko beste alderdi azpimarragarri bat naturarekin estuki loturik dagoen "Birdflyway" proiektu turistikoa nazioarteko bihurtzea izan da. "Gero eta gehiago dira pasaportea eskuan duten abenturazaleak Danimarka, Suedia, Eskozia, Herbehereak eta abar bisitatzeko irrikitan daudenak hegaztiek markatzen duten migrazio bidea jarraituz", gaineratu dute.

Turismo alorrean gertatu den arrakasta zentroaren beste bi ardatzetara ere zabaldu da: ingurumen hezkuntzara eta kontserbaziora. Guztira 3.322 ikasle pasatu dira zentrotik, aurreko urtean baino %39 gehiago. Bestalde, kontserbazioari dagokionez, Gautegiz-Arteagako padura Urdaibai Biosfera Erreserbako balore naturalistiko gehien duen toki bezala finkatu da.