Urdaibai Bird Centre hegaztien migrazioa aztertzeko zentroa inauguratu dute

Bizkaiko ahaldun nagusia Urdaibai Bird Centren
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 19:05

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Urdaibai Bird Centre aurkeztu dute gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak, Mario Fernandez BBK-ko zuzendari nagusiak eta Pako Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak. Proiektuak interes handia dauka ingurumenaren eta natuaren aldetik, hegaztien migrazioaren fenomenoa aztertzea eta erakustea ahalbideratzen baitu Urdaibain, horretarako leku aparta delako.

Urdaibaiko erreserbak hegaztientzat duen garrantzi handiaren ondorioz, 1994. urtean Hegaztientzat Babes Bereziko Eremu izendatu zuten. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak 220 kilometro koadroko hedadura du, 22 udalerri hartzen ditu barruan eta Bizkaiaren azaleraren %10 inguru hartzen du.

Biosferaren Erreserban geldiune garrantzitsua daukate hegaztiek beren bidaian, indarberritzeko. Estuario honek habitat asko dauzka, eta espezie askorentzat gordelekua, atseden-gunea eta elikatzeko tokia da. Badira urte batzuk Aranzadi Zientzia Elkarteak, bere inguruko jendearen babesarekin, bere ikerketak egiten eta erakusten dituela paduran natur balio handien duten eremuetako batean.

Orain, pabilioi zahar bat berriztatu da, Bizkaiaren nortasun ikurretako bat bihurtzeko asmoz eta Europako natura-zentrorik garrantzitsuenetako bat izan dadin. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru milioi euro eman ditu guztira; BBKren Gizarte Ekintzak beste bi milioi euro eman ditu eta Eusko Jaurlaritzak (Basquetour eta Euskalmet agentzien bidez) eta beste elkarte batzuek parte hartu dute.

Aranzadi Zientzia Elkartea da proiektuaren kudeatzailea. Urdaibain hegaztiei eraztunak jartzea eta hezkuntza eta prestakuntza sustatuko ditu zentro berriak. Eraztunak Bizkaitik hasiko dira jartzen, eta arduradunek espero dute 100 espezietako 10.000 hegazti ingururi eraztunak jartzea.

BISITAK

Erakusketa aretoak ongietorria egiten die bisitariei. Atzeko argiztapena duen mapa bat ipini da, eta bertan, hegaztien migrazioan zeregin estrategikoa duten eta ornitologiarekin zerikusia duten zentroak eta azpiegiturak dauzkaten gune geografikoak eta Urdaibai Bird Centre lotzen dira.

Aretoaren ondoan, ornitologiako produktuen denda jarriko da, eta gero Euskalmeten radomoa. Modulu erakusle bat egongo da, zenbait gairi buruzko ikerketen emaitzak erakusteko: meteorologia eta hegaztien mundua, klima aldaketa, alderdi fenologikoak edo hegaztien sedimentazioak, borraskek, hotz-boladek eta beste fenomeno batzuek sortuak eta abar. Zentroak irrati-zundazko estazio bat edukiko du, eta globo zunda batek bidaliko dituen meteorologiari buruzko datuak jasoko ditu.

Teknologia berriekin zerikusia duten espazioak kontrol aretoen bidez eta I+G+b unitatearen bidez egongo dira elkarri loturik. Ildo horretan, Gaia Komunikazio Klusterrekin lankidetza estuan aritu da. Elkarte horrek berrikuntza unitate bat jarriko du, naturarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten proiektu teknologikoak garatzeko.

Zentroak administrazio, hitzaldi eta batzar aretoak eta liburutegi-museoa dauzka. Horiek guztiek leihoak eta begiratokiak dauzkate, ingurunea behatzeko kanpoaldearekin etengabeko erlazio bat ahalbideratzen dutenak. Behatokia edo talaia nabarmendu daiteke; 18,5 metroko altuera dauka eta zentroaren gainetik dago, eta hegaztiak zentsatzeko erabiliko da. Distantzia luzeko gailuak dauzka, hala nola, lurreko teleskopioak edo prismatikoak, hegaztien identifikazioa errazagoa izan dadin.

HEGAZTIEN BEHAKETA

'Birdwatching' edo hegaztien behaketa milaka pertsona mugitzen dituen zaletasuna da. Urdaibai Bird Centrek eskaintzen duen aukera hegaztiengana dagoen zaletasun handiari erantzungo dio, mundu osoan erregistratuta dauden elkarteetako kide kopuru handiak erakusten baitu zaletu mordoa dagoela.

Urdaibai Bird Centren jarduera eremuak hauek dira: hegaztiei eraztunak jartzea, ingurumenari buruzko hezkuntza eta prestakuntza, Urdaibain hegaztiak monitorizatzea, zentroen, hegaztien eta meteorologiaren nazioarteko sarea sortzea, habitaten eta espezieen kontserbazioa eta babesa, eta beste proiektu eta ikerketa batzuk.

Zentroaren erakarpen handienetako bat gaia da: migrazioaren bidaia, hegaztien presentziari eta bidaiaren kontzeptuari garrantzia emanez. Hegaztiak Europa eta Afrika artean lekuak ezagutzera eramango gaituen tresna dira. Europako beste zentro batzuekin batera egiten den sare-lanak berebiziko garrantzia izango du.

Egoitza Ingalaterran duen hegaztien espezializatutako nazioarteko sarean sartuko da Urdaibai Bird Centre. Horri esker, eremu honetan egiten diren ikerketak eta sortzen den informazioa koordinatu eta konpartitu ahalko ditu.