Urdulizeko ospitaleak 42.000 kontsulta eta 30.000 proba diagnostiko egin ditu lehen urtean

Urdulizeko ospitalea
OSAKIDETZA
Actualizado: viernes, 7 julio 2017 16:32

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak Uribe eta Mungialdea eskualdeetako 175.000 pertsona baino gehiagori eskaintzen die osasun arreta eta urtebete egin du ostiral honetan, uztailaren 7an. 12 hilabeteotan, 42.000 kontsulta eta 30.000 proba diagnostiko egin ditu, eta "horrek frogatzen du gero eta herritar gehiagok jotzen dutela ospitale horretara", Osakidetzako iturriek adierazi dutenez.

Zentroa osasun zerbitzu ezberdinak gehitzen ari da pixkanaka. Horrela, larrialdi zerbitzuak joan den maiatzaren 9an jarri ziren martxan, eta gaur arte 3.800 osasun arreta baino gehiago egin ditu.

Osakidetzaren ospitale hau hornitzen duten zerbitzuak mailaka zabaltzeko prozesuan, Goi Kirurgiako Ebakuntza Gela Anbulatorioa ere jarri da abian, eta oftalmologiarekin hasi da. Halaber, Digestio eta Arnasketa Endoskopiako Unitatea, gastroskopiak, kolonoskopiak, sigmoidoskopiak eta bronkoskopiak egiteko abagunea dago.

Hartara, joan den maiatzetik, 104 gastroskopia eta 56 kolonoskopia egin dira denera, 15 bronkoskopiaz gain. Halaber, uztailetik aurrera, Uribe eskualdearen kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko kolonoskopiak ere gehituko dira.

Kanpo kontsulten jarduerari dagokionez, lehenengo urtean gehien eskatu diren espezialitateak honako hauek dira, hurrenkera honetan: Oftalmologia, Traumatologia, Otorrinolaringologia, Dermatologia, Ginekologia eta Obstetrizia, eta Endokrinologia.

Bestalde, Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak 20.135 pertsonari eman die arreta. Erradiologiako jardueraren %70 inguru X izpien probak eta ekografia orokorrak egiteko izan da, eta, gainerakoan, OTA probak egiteko. Guztira egindako proba erradiologikoetatik, 5.000 ekografiak izan dira, eta 4.000 berriz, OTA probak. Halaber, Bularreko Minbiziaren Baheketa Unitatea 2016ko azaroan martxan jarri zenetik, 3.500 mamografia egin dira.

Gainera, ospitalean kokatutako Osatek zerbitzuaren erresonantzia magnetikoko unitateari esker, 5.372 pertsonari eman zaie arreta lehenengo urtean, eta guztira, 7.295 erresonantzia egin dira. Halaber, bertaratu gabeko 2.020 kontsulta egin dira, gehienak erradiodiagnostikoarekin lotutakoak.

LARRIALDIAK

Larrialdi zerbitzuei dagokienez, zerbitzuaren lehenengo bi hilabeteetan 3.823 pertsonari eman zaie arreta, hau da, egunean 75-80 laguni, gutxi gorabehera. Horietatik guztietatik 3.177k alta medikoa jaso zuten eta etxera itzuli ziren. Guztira artatu diren pertsonen %20 dira 14 urtetik beherakoak izan dira.

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak 38.000 metro koadroko azalera duen Osakidetzaren azpiegitura da, puntako teknologia du eta eraikitzeko lanetan eta ekipamenduan 60 milioi euroko inbertsioa egin da. Ospitalearen urteko funtzionamenduak 45 milioi euroko inbertsioa behar du.

Gaur egun, ospitalean Osakidetzako 229 profesional ari dira lanean, eta horietatik, 62 medikuak, 36 erizaintzako laguntzaileak, 19 jagoleak eta 22 administrariak dira, besteak beste. Ospitaleko zerbitzu guztiak abiatu eta behin, Osakidetzako 600 profesional izango ditu, eta horietatik 425 lanpostu berriak izango dira.

Mª Luz Marques Uribe ESIko zuzendari gerenteak nabarmendu duenez, lehenengo urteko balantzea "oso positiboa" da, bilakaerari eta eskainitako arretari dagokienez. "Kanpo kontsulten eta erradiologiako jarduera oso azkar ari da hazten, eta larrialdi zerbitzuek eskaera handia dute. Ospitalea abian jartzeak eskualdeko pertsonen arretan aldaketa onuragarria eragin du", ziurtatu du.