Urkullu Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bilduko da maiatzaren 10ean

Jean-Claude Juncker
REUTERS/CHRISTIAN HARTMANN
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 12:36

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lan topaketa bat izango du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin datorren asteazkenean, maiatzaren 10ean, Bruselan. Egun berean, Urkullu buru izango duen Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilera izango du Pierre Moscovici Gai Ekonomiko eta Finantzario, Zerga eta Aduanen europar komisarioarekin eta Guy Verhofstadt Brexitaren inguruko negoziazioak Europako Parlamentuaren aldetik koordinatu dituen eurodiputatuarekin.

Euskadik europar proiektuarekin konpromisoa defendatuko du Urkulluk, eta "Europa sozialago, integratuago eta pluralagoaren alde azalduko da, benetako subsidiariotasun eta maila anitzeko gobernantzaren bidean aurrera egin dezan", Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Europar instituzioetako maila goreneko ordezkariekin biltzeko egun horretan, Urkullurekin batera egongo dira Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elortza, Europar Gaietako zuzendari Mikel Anton eta Jaurlaritzaren Europar Batasunerako ordezkari Marta Marin.

Bilera horiek "Europako etorkizunerako funtsezkoa den une batean" egingo dira, hau da, "benetako Zutabe Soziala egituratu nahi duen ekimen multzo bat aurkeztu baino egun batzuk lehenago, eta Europar Batasuna Brexitaren osteko negoziazio eta gogoeta prozesuan buru-belarri sartuta dagoenean".

Urkullu buru izan zen Jaurlaritzaren Brexitaren Jarraipenerako Batzordearen lehenengo bileran, joan den apirilaren 25ean, eta horren ildotik esan zuen beharrezkoa dela erronka hau "aukera bihurtzea". Gainera, Erromako Itunaren 60. urtemugaren harira, adierazpen instituzional baten bitartez esan zuen Euskadik "konpromiso irmoa" hartua duela "europar integrazioaren proiektuarekin".

Bruselan egingo duen bisita ofizialean, lan topaketa horiez gain, Jaurlaritzaren ordezkaritzak harrera ekitaldi bat egingo dio Belgikako euskal komunitateari.