Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren "zintzotasuna eta jarrera arduratsua" nabarmendu ditu Urkulluk

Jose Luis Bilbao kargua zin egiten
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 7 julio 2015 10:40

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

   Jose Luis Bilbao eta Jose Angel Quintanilla Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidente eta presidenteorde izendatu dituzte, hurrenez hurren, astearte honetan Ajuria Enean egin den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldiko buru, eta Eusko Legebiltzarrak erakunde hori zuzentzeko aukeratutako bi pertsonak "profesional beteak" direla eta "jarrera arduratsua eta zintzoa" dutela nabarmendu du.

   "Hala Jose Luis Bilbaok nola Jose Angel Quintanillak frogatu dute badutela ardura instituzionalak betetzeko gaitasuna, eta badakitela egiten. Ondo prestatutako pertsonak dira, ekonomiaren kudeaketa ezagutzen dutenak eta argi erakutsi dute zerbitzu publikorako bokazioa eta dedikazioa dutela", esan du.

   Orobat, aurretik izan diren pertsonen lana eskertzeko baliatu du Urkulluk ekitaldia. Bere hitzetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ibilbidea erakundean lan egiten dutenek eta erakundea zuzentzeko ardura dutenek eraiki dute, "buru-belarri aritu direlako lanean eta lan eredugarria egin dutelako". "Lehendakari naizen neurrian, haien esperientzia eta ibilbide profesional eta instituzionala aitortu nahi ditut, gure herriarentzat emankorrak izan direlako oso", adierazi du.

   Urkulluk aitortu du jabetzen dela gizartea gardentasun eta eredugarritasun maila handia eskatzen ari dela diru publikoa kudeatzeari dagokionez, eta, ildo horretan, "konfiantza eta segurtasuna" agertu ditu, esanez Eusko Jaurlaritzaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren helburua lortuko duela talde berriak, alegia, "eskaintzen dugun zerbitzu publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea: horra hor gure eginkizuna".

   Amaitzeko, jakinarazi du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango duela helburu horiek betetzeko, eta berriz adierazi die "errespetua eta esker ona" etapa berrian erakundea zuzentzeko zeregina bere gain hartu dutenei.