Urrezko Plaka jasoko dute 1940, 1950 eta 1960ko urteetan Espainiar Estatuko herrietatik Gipuzkoara heldutako pertsonek

Actualizado: martes, 17 febrero 2015 14:01
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak 1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Espainiar Estatuko herrietatik lurraldera heeldutako pertsonei emango die aurten Gipuzkoako Urrezko Plaka. Ekitaldia martxoaren 28an izango da, eta haren xehetasunak aurrerago emango ditu foru erakundeak.

   "Andaluziatik, Extremaduratik, Errioxatik, Gaztelatik, Galiziatik eta beste hainbat tokitatik etorritako euskal herritarrak Euskal Herria eraikitzen ari dira: gaur egungo Gipuzkoa eta gaur egungo Euskal Herria ezin ditugu ulertu langile hauen eta haien familien ahalegin eta ekarpena gabe", adierazi du astearte honetan Larraitz Ugarte foru bozeramaileak.

   Gipuzkoak Urrezko Domina ematen die norbanakoei eta Urrezko Plaka kolektiboei. Iaz Benito Lertxundik jaso zuen Urrezko Domina, eta frankismoaren garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeek eta Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak, Urrezko Plaka.

   Duela bi urte, Nestor Basterretxeak jaso zuen Urrezko Domina, eta 'Egin' eta 'Euskaldunon Egunkaria' egunkarietako langileek, Urrezko Plaka. Aurten, aitortza koletiboa izango da eta Urrezko Plaka bakarrik emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

   XX. mendearen erdialdean Gipuzkoa industrializatutako lurraldea zen, eta Espainiar Estatuko hainbat herritatik milaka lagun etorri ziren, Gipuzkoan bizitzera eta lan egitera, beren familiekin. Arrazoi ekonomikoak zeuden migrazio mugimendu zabal horren atzean, Euskal Herrira etorritako askok egoera ekonomiko zaila zutelako jaioterrian edo egoera hori hobetu nahi zutelako.

   Halere, beste era bateko arrazoiak ere baziren, batzuek giro sozial eta politiko itogarria zutelako beren herrietan -frankismo garaia zen- eta, hain zuzen, giro horretatik alde egin nahi zutelako.

BALDINTZA GOGORRAK

   Larraitz Ugartek azaldu duenez, "Gipuzkoara etorritakoetako askok bizi eta lan baldintza gogorrei aurre egin behar izan zieten, eta baldintza horiek aldatzeko eta hobetzeko gogor borrokatu zuten, bertakoekin batera: eskubideen aldeko borroka hura, hain zuzen, hainbat jatorritako herritarrak bateratzeko eta herri kontzientzia eta sentimendu kolektiboa indartzeko baliagarria izan zen".

   Egoera hartan tentsioak ere izan zirela adierazi du Ugartek. "Herritar haiek beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta beste ohitura batzuk zituen lurralde batera etorri ziren, eta ulertuezinak eta gatazkak izan ziren. Dena dela, egoera horretatik ere ikasi egin dugu, ikasten jarraituko dugu, indarguneak eta akatsak atzeman beharko ditugu, eta ariketa horrek, dudarik gabe, gure herriko aniztasuna ondo kudeatzen eta aniztasun hori kohesio elementu bihurtzen lagunduko digu", azaldu du.

   Foru bozeramaileak 1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Gipuzkoara heldutako herritarren ekarpena nabarmendu du. Bere hitzetan, "milaka lagun hauek, kulturalki, gure lurraldea aberastu dute; sozialki, beraien jakintza eta esperientzia konpartitu dute esparru guztietan; eta, politikoki, gogor borrokatu dute hainbat eskubideren berreskurapenaren alde".