Urtaranek adierazi du "onartezina" dela Gasteizen izan den ustezko sexu erasoa

Actualizado: miércoles, 8 agosto 2018 12:23

Ertzaintzak bi mutil adingabe identifikatu ditu, ustez neska adingabe bati sexu erasoa egiteagatik.

GASTEIZ, 8 Ago. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek adierazi du "onartezina" dela bart gauean Gasteizko Florida parkean izan den ustezko sexu erasoa. Arabako hiriburua, hain zuzen, Andre Maria Zuriaren jaietan murgilduta dago egunotan.

Urtaranek Radio Euskadin egin ditu adierazpenok (Europa Press-ek jaso dituenak), eta esan du ezin duela momentuz kasuari buruzko xehetasun gehiagorik eman. "Ikusiko dugu nola amaitzen den, baina gorputzaldi txarra utzi dit", adierazi du Gasteizko alkateak.

Haren esanetan, "onartezina" da XXI. mendean horrelako egoerak salatu behar izatea, hau da, hirian edo herrialdean emakumeek jasaten dituzten sexu erasoak. Azaldu duenez, kasua baieztatzen badute, "automatikoki jarriko da martxan erasoen aurkako protokoloa".

Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, Ertzaintzak orain arte egindako ikerketek eragin dute bi mutil adingabe identifikatzea, ustez lotura dutenak gertakariarekin. Ertzaintzak zabalik mantentzen du ikerketa, gertakari hori argitze aldera. Horrez gain, joan den igande goizaldean Gasteizko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen taberna batean, bi emakumeri ukituak egitea leporatuta.