Urumearen maila berehala jakiteko aukera ematen duen telefono mugikorrentzako aplikazio bat sortu dute

Urumea Txomin Eneatik igarotzen
Europa Press
Actualizado: lunes, 21 julio 2014 13:29

DONOSTIA, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Android sistemako telefono mugikorrean deskargatu beharreko aplikazio bat estreinatu dute Donostian, Txomin Enean eta Martutenen Urumearen maila berehala jakiteko aukera ematen duena. Aplikazioak abisua ematen du erreferentziako mailaren bat gainditzen denean, esaterako, Maila Horia Gaindituta, eta abisu horren gainean sakatuta, Urumeako planaren webgunera lotura egiten du. Pixkanaka, funtzio berriak gehitzen joango dira, hala nola alertako SMSa aplikazioan bertan ikusi ahal izatea.

Garapen teknikoa Udal Informatika Zentroak (UIZ) egin du, Donostiako Udaleko Babes Zibileko Zerbitzuekin adostutako parametroen arabera, eta dagoeneko Google Play-n deskarga daiteke.

Mugikorrerako aplikazio berriaz gain, Donostiako Udalak baditu beste informazio sistema batzuk Urumea ibaiaren egoeraz informatzeko: Okendotegiko abisu emaileak bertako bizilagunei abisua ematen die SMS bidez, sirena jotzeaz gainera; eta Urumeako webcamak ibaia etengabe ikusteko aukera ahalbidetzen du, instalatutako Wimax sareari esker. UIZ lanean ari da irudia Urumeako Uholdeen Planaren webgunean ere ikus dadin.

Legealdi honetan, Urumeako Uholdeen Mikroplana hobetu da. Horretarako, lan handia egin dute bai teknikariek bai kaltetutako eremuetako bizilagunek. Planak jarduteko moduari buruzko gomendioak ematen dizkie bizilagunei, eta etxebizitza edo negozio bakoitzetik ibaira dagoen distantziaren arabera neurtuta dago.

Krisi Mahaia ere ezinbesteko tresna da horrelako egoerei aurre egiteko. Bertan, udal sail guztiak eta babes zibileko agenteak biltzen dira, eta bizilagunak ordezkatuta daude; hortaz, erabateko gardentasunez jokatzen da edozein erabaki hartzeko unean.

Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek esan du herritarrei informazioa helarazteko beste pauso bat dela. "Ezinbestekoa da informazio hori eskuratzea uraldi handietan, erabakiak hartzea ahalbidetzen baitu. Ebakuazio eta prebentzio planak badaude, eta alerten bitartekoak hobetzen ari dira egunetik egunera", adierazi du.

Halaber, gogorarazi du pausoak eman direla, "inoiz ez bezala, plangintzaren eta beste erakunde batzuekiko akordioen arloetan, uholdeak berriro gerta ez daitezen".