Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzain armeniarra hil da

Actualizado: martes, 25 enero 2011 14:10

BILBO, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Vahan Sarkisian ohorezko euskaltzain armeniarra hil da. Sarkisian urtarrilaren 21ean zendu zen, bihotzekoak emanda, 55 urte zituela, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

Vahan Sarkisian Erevanen (Armenian) sortu zen, 1954ko martxoaren 12an. Filologia Zientzietan doktorea zen. Erevanen, Estatuko Unibertsitatean, irakaslea zen, bai eta Filologia Erromaniko Katedraren zuzendaria ere. Armeniera-euskara Estudioen Saileko sortzaile eta irakaslea zen Sarkisian eta 'Araxes' izeneko armeniera-euskara nazioarteko aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria.

International Linguistic Academy elkargoko zuzendaria zen eta Asociación Internacional de Hispanistas delakoaren kidea. Euskal Herriaren eta Armeniaren arteko lotura kultural eta linguistikoak aztertzearen eta sakontzearen aldeko zen. Euskal kulturaz klaseak ematen zituen Unibertsitatean eta, azken urteotan, euskara ikastaroak ere.

'Fontes Linguae Vasconum' aldizkarian maiz idatzi zuen. Horrezaz gain, artikulu ugari argitaratu zituen Armeniako, Errusiako, Argentinako eta Frantziako hainbat aldizkaritan. 2002ko azaroaren 29an, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.