Vasilije Vucetic pibot serbiarra, RETAbet Bilbao Basketekin datorren denboraldian

Vasilije Vucetic
BILBAO BASKET
Actualizado: martes, 4 julio 2017 16:42

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Vasilije Vucetic pibot serbiar gazteak RETAbet Bilbao Basket taldearekin jokatuko du datorren denboraldian. Vuceticek hiru denboraldirako kontratua sinatu zuen joan den udan talde bilbotarrarekin, baina Zilarrezko LEB mailako Zornotzan jokatzen aritu da.

Serbiarra ezinbesteko jokalaria izan da Zornotzako taldean, Liga erregularrean 16.5 puntuko eta 5.2 erreboteko batez bestekoak lortuz. Gainera, urteko boskote onenean sartu zuten. Halaber, igoerako kanporaketetan 13.5 puntuko eta 5.5 errebote batez bestekoak lortu zituen, taldearekin finalera heldu arte.

Vuceticek jada jokatu du Bilboko taldearekin, Eurocup txapelketan debutatu baitzuen 2016ko urriaren 19an, Alba Berlinen aurka. Miribillan jokaturiko partida hiru puntu eta errebote batekin bukatu zuen. Ondoren, Endesa Ligako bi partida jokatu zituen.

Vrbasen jaiotako 21 urteko jokalariak 2.07 metroko altuera dauka. Bi denboraldi egin zituen Ljubljanako Union Olimpijan, Telemacha League eta Eurocup jokatuz. Serbiako selekzioaren kategoria gazteenetan ohiko jokalaria da, eta Europako lau txapelketa (2012, 2013, 2014 eta 2016) eta 19 urtez azpiko Munduko Txapelketa bat (Grezia, 2015) jokatu ditu.

Jokalariak bere alde egindako apustua eskertu eta hobetzen jarraitzeko asmoa azaldu du. "Oso harro nago RETAbet Bilbao Basketeko jokalaria izateagatik. Zornotzan egindako urtea asko gozatu dut eta lehen taldearekin egindako entrenamenduei esker jokalari hobea naiz. Bide luzea dago egiteko eta oso pozik nago", adierazi du.