Verrocchioren "David" izango da bihar "Artelana bere testuinguruan" zikloaren protagonista Bilboko Berreginen Museoan

Verrocchioren "David"
BILBOKO BERREGINEN MUSEOA
Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 11:24

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Verrocchioren "David" eskultura izango da bihar Bilboko Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak hobeto ezagutzera bideraturiko "Artelana bere testuinguruan" zikloaren protagonista, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Egitarauaren helburua ikusleak artera hurbiltzea da, eskulturak aztertu eta aztertutako artelan horiek Museoan dauden gainerakoekin erlazionatuko dituzten bisiten bitartez. Kasu bakoitzean museoan erakusgai dagoen pieza bat aukeratzen da, eta artearen zein historiaren ikuspegietatik aztertzen da. Hitzaldiak doakoak izaten dira eta arratsaldeko 18:00etan hasten dira.

Oraingoan, museoko Hezkuntza taldeak, Andrea di Michele di Francesco de Cioni -Andrea del Verrocchio bezala ezagunagoa- (1435-1488) Quatrocentoko artista florentziar ezagunenetakoak egin zuen "David" eskultura aztertuko du.

Prestakuntzaz urregina zen, baina marmolaren lanketa eta brontzearen galdaketa ere menperatu zituen. Horrez gain, pintura ere landu zuen, eta latinez irakurtzeko gai zen bere garaiko artista gutxienetakoa izan zen. Artista handiak prestatu zituen tailer baten buru izan zen; bertan ikasitako artisten artean Leonardo da Vinci dago, besteak beste. Horrez gain, Piero di Cosimo de Mediciren arte gorteko kide ere izan zen; bertan egin zuen "David" lana.

Biblian agertzen den David erregearen irudia sortzen ari zen Florentziako Errepublikaren irudietako bat bilakatu zen, Goliat erraldoiaren aurka burututako balentria zela eta, David bezala, etsai handiak gainditzeko eta arteak eta kultura lantzeko gai zen hiriaren irudi zibikoa.

Verrocchioren aurreko eta ondorengo artistek indarraren sinbolo berri horren bitartez irudikatu zuten Florentzia. Horien artean Errenazimenduko izen handiak azpimarra daitezke, Ghiberti, Donatello, Ghirlandaio edo Michelangelo, besteak beste.

Verrocchioren bizitza eta lana zalantzaz beteta daude, eta zalantza horietako batzuk "David" lanarekin berarekin erlazionatutakoak dira. 1476an Medicitarrek 150 florinen truke saldu zioten eskultura Florentziako Signoriari, eta salmenta horren ondorioz aldaketa batzuk jasan zituen eta Goliathen buruaren kokagunea aldatu egin zen. Hori dela eta, lanaren eraketa eta esanahia aldatu egin ziren, jatorrizkoarekin alderatuz.