Victor Gomez Pin irakaslea honoris causa doktore izendatuko du EHUk

Victor Gomez Pin
Foto: VICTOR GOMEZ PIN
Actualizado: martes, 9 junio 2015 14:26

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Victor Gomez Pin irakaslea honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia ospatuko du datorren ostiralean, ekainaren 12an, Carlos Santamaria zentroko Areto Nagusian, Donostian. Ekitaldia 11:30ean hasiko da eta streaming bidez emitituko da zuzenean, https://ehutb.ehu.es/eu/directo/1.html katean.

   EHUk jakinarazi duenez, 1944an Bartzelonan jaioa, Victor Gomez Pin oso gazte joan zen Parisera ikastera, eta Filosofia ikasketak egin zituen, Sorbonako Unibertsitatean. Estatu Doktore gisa amaitu zituen ikasketak, ordena aristotelikoari buruzko tesi batekin.

   Dijongo Unibertsitatean irakasle lanetan aritu ostean, EHUk Filosofia Katedra eskaini zion, gerora oposizio bidez eskuratuko zuena. 1993az geroztik, UABko katedraduna da, Emeritua gaur egun. Visiting Professor, ikertzaile eta hizlari izan da atzerriko hainbat unibertsitatetan, hala nola Venice International University, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala, Pariseko ENS, Université Paris-Diderot edo CUNYko Queen's Collegen.

   Saiakerako Anagrama eta Espasa sariez gain, Istituto Veneto di Scienze, Lettere ed Arti institutuaren "Premio Internazionale Per Venezia" irabazi zuen, 2009an. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide numerarioa da. Gomez Pin irakasleak 30 liburu baino idatzi ditu, eta ezin konta ahala artikulu.

   Pentsalari grekoen arazo ontologiko zaharrak egungo pentsamenduaren arabera birplanteatzen eman ditu urte asko, eta zehazki galdetu dio bere buruari zer inplikazio dituzten egungo diziplina zientifiko batzuek izadiaren kontzeptu heredatuan. Kezka horrek International Ontology Congress biltzarra sortzera bultzatu zuen, azken mende laurdenean UNESCOren babesarekin biurteko edizioak egiten aritu dena, filosofoez gainera zientzialari ospetsuak ere badituen batzorde zientifiko baten gidaritzapean.

   Ekitaldian, Victor Gomez Pin irakaslearekin batera, Iñaki Goirizela EHUko errektorea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Jose Luis Martin EHUko idazkari nagusia izango dira, besteak beste.