Victor Santos komikigilearen "Jainkoak eta munstroak" erakusketa ireki dute Bizkaia Zubian

Victor Santosen lanak ikusgai daude Bizkaia Zubian
GETXOKO KULTUR ETXEA
Actualizado: lunes, 21 noviembre 2011 17:36

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Komikia protagonista izango da gaurtik Bizkaia Zubian, Victor Santos komikigilearen "Jainkoak eta munstroak" erakusketa ireki baitute bertan. Artista valentziarraren formatu handiko 30 bat erreprodukzio bildu dira erakusketan, Getxoko Komiki Azoka dela eta. Azokaren hamargarren edizioa ostiralean hasiko da eta, hiru egunez, Areetako Geltokia plazara hurbiltzen diren zaleek, komikiaren munduaren inguruko 80 saltoki bisitatu ahal izango dituzte eta hainbat jarduerez gozatu ahal izango dute.

Azoka getxotarreko arduradunek adierazi dutenez, Victor Santos (Valentzia, 1977) 1998an hasi zen komikiaren munduan, zenbait fanzine eta tokiko egunkarietan jardun ondoren. Valentziako beste egile batzuekin batera, 7 monos komiki-zigilua sortu zuen eta "Gaijin" izan zen bere lehenengo lana, ekialdeko akziozko filmen parodia bat. 2000. urtean bere burua ezagutzera eman zuen "Los reyes elfos" Eskandinaviako literaturan oinarritutako heroi-fantasia lanaren bidez; orain arte, saga horren lau emanaldi kaleratu dira.

Genero beltza ere jorratu du Santosek, "Pulp Heroes" sagan eta "Al menor postor" antologian. Halaber, "Protector" lanarekin super-heroien generoan egin zuen debuta. "Aventuras en el Mundo Jung" lanarekin haurrentzako komikiari heldu zion, eta "Faeric Gangs" eta "Lone in Heaven" komikietan intriga fantastikoarekin esperimentatu du.

2005. urtean Frantziako argitaletxe batentzat lan egiten hasi zen berak sortutako "Young Ronins" sailean; gidoigile, ilustratzaile eta kolorista jardun da horretan. Ondorengo urtean, Miles Hunter gidoigile iparramerikarraren laguntzarekin, "Zombee" eleberri grafikoa argitaratu zuen Amerikako Estatu Batuetako (AEB) argitaletxe batzentzat.

2009an AEBetako eta Europako zenbait argitaletxerentzat jardun zen. Lan horien artean aipatzekoa da DC Comics-entzat egin zuen "Filthy Rich" eleberri grafikoa, Brian Azzarello idazle ospetsuaren gidoiarekin. Urte berean "Blak Kaiser" egin zuen eta europar estiloko "La sangre de las Valkirias" komikiaren istorioa idatzi zuen, Pere Perez ilustratzaile aritu zela.

Gaur egun, Mike Avon Oeming eta Bryan Glass sortutako "The Mice Templar" komiki seriean marrazkigile titularra da eta, horrez gain, Espainiako eta AEBetako argitaletxeentzako lan egiten dabil gidoiak prestatzen eta proiektu berriak sortzen. Azken horien artean aipatzekoa da "Witch & Wizard" liburu ospetsuaren komiki-moldaketa, IDW publishing-entzat.

Bere jardueran zehar, Victor Santosek zenbait sari eskuratu ditu Bartzelonako Komiki Azokan. 2005ean 'Dolmen' aldizkariak ematen duen Kritikarien Saria jaso zuen eta 2006an bi sari lortu zituen Madrilgo Komiki Azokan. 2008an beste sari bat lortu zuen Madrilen, "Los Reyes Elfos: Historias de Faerie" antologiaren bigarren zatiari esker.