Vital Arabatik kultur programak 80 ekitalditik gora eskainiko ditu 53 udalerritan

Lobo & Carmine bikoteak hasiko du ostiralean Vital Arabatik
Foto: VITAL KUTXA
Actualizado: miércoles, 13 mayo 2015 12:58

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

   Vital Arabatik programak hamaikagarren edizioari ekingo dio asteburu honetan, eta 80 kultur ekitalditik gora eramango ditu Arabako 51 udalerritara eta Trebiñoko Konderriko beste bitara. Musikak, abesbatzen errezitaldiek eta dantza nahiz ballet erakusketek osatuko dute Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak antolatzen duen programaren egitaraua.

   Antolakuntzak jakinarazi duenez, Arabako eskaintza kulturala aberasteko duen helburuari jarraiki antolatzen du Vital Arabatik ekimena. Halaber, arte diziplinen eta aisialdiaren aldeko arabarren zaletasuna sustatzeko xedez sortua, lurraldeko arte eskoletan ikasten duten Arabako artista taldeei ikusleen aurrean jarduteko aukera ematea ere bilatzen du programak.

   Edizio honetan, Arabako 51 herrik (Laudio, Amurrio, Agurain, Oion, Iruña Oka, Alegria, Murgia, Artziniega, Aramaio, Araia, Bastida, Guardia, Pobes eta Ondategi, besteak beste) eta Trebiñoko Konderriko bik (La Puebla de Arganzón eta Trebiño) parte hartuko dute programan.

   Denboraldi berrirako aurreikusi den programazioan diziplina ugari daude, esaterako, dantza, balleta eta musika talde nahiz abesbatzen emanaldiak. Ostiral honetan hasi eta datorren irailera arte, musika taldeen 43 kontzertu, abesbatzen 31 errezitaldi, dantza taldeen bost erakusketa eta Jose Urruñuela Dantzako Udal Kontserbatorioaren eskutik egingo diren bi ballet emanaldiz gozatzeko aukera izango da.

   Esan bezala, asteburu honetan hasiko da Vital Arabatik, hiru herritan izango diren musika ikuskizunekin. Ostiral arratsaldean, Lobo & Carmine bikotearen country erritmoek estreinatuko dute programaren hamaikagarren edizio, Arespalditzako erabilera anitzeko aretoan. Larunbatean, 18:00etan, musika brasildarraren txanda izango da, La Bossa Nostra hirukotearen eskutik, Armiñongo auzo etxean. Azkenik, ordu bete beranduago, jazz estandarrean oinarritutako errepertorioa eskainiko du Mr. Blue taldeak, Arabako Errioxako herriko Plaza Nagusira hurbiltzen diren Guardiako herritarrentzat.