Vital Kutxak 8.000 eurorekin lagunduko ditu Aspacek udan antolatu ohi dituen jarduerak

Actualizado: martes, 22 julio 2014 10:45

GASTEIZ, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak Aspace garun paralisia duten pertsonen Arabako elkartearekin duen lankidetza hitzarmena berritu du, eta 8.000 euro jarriko ditu elkarteak udan antolatu ohi duen egitarauaren barruko zenbait jarduera garatu ahal izateko. Egitarauaren helburua elkarteko bazkideek eta haien senideek udan atsedenaldia izatea ahalbidetzea da. Akordioa Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren lehentasunetako bat da, finantza erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Laguntza horren bitartez, Vitalek erantzuna eman nahi die euren seme-alaben arazoekin sentsibilizatutako familien ahaleginei, aldi berean, elkartea bera eta egiten dituen jarduerak ezagutzera ematea sustatuz. Horrenbestez, bada, diru ekarpenari esker, Aspacek udalekuak eta opor egonaldiak antolatuko ditu bazkideentzat eta haien senideentzat. Aurten, zehazi, 41 bazkidek eta 46 boluntariok parte hartuko dute.

Udako egitarauak hainbat ekimen biltzen ditu. Lehenengoari "Zentzumen askotariko txokoa" deritzo eta larriki gaixorik eta mendekotasun maila handia duten eskola umeentzako udaleku bat da. Tailer zentzumen eragile eta estimulazio jarduera zenbaiten bitartez, haien zentzumen gaitasuna hobetzea eta gizarte elkarreragin positibozko giroa sustatzea da helburua.

Bestalde, Aspacek "Udaleku irekia" ere abiaraziko du hitzarmenari esker. Mota ezberdinetako motor arazoak dituzten baina harremanak izateko eta taldean jarduteko gaitasuna duten umeentzat eta nerabeentzat da. Udalekuak eskaintzen dituen jardueretako batzuk, tailerrak (sukaldaritza, beirazko potoak, litxarreria sortak, eta abar), horma pinturak, Artium Museora bisitak, igerilekura joatea edo aterpetxe batean lau eguneko egonaldi bat egitea dira, besteak beste.

OPORRALDIA

Halaber, Vital Kutxaren ekarpenarekin, garun paralisia duten pertsonen senideei eta haien zaintzaileei beste gauza garrantzitsu bat eskaini ahal izango zaie, arnasaldi bat izan dezaten, hots, oporraldi egitaraua, adinez nagusi diren bazkideei zuzendua, udako sasoian.

Ekimenaren asmoa bi helburu lortzea da: batetik, paralisiak jotako pertsonaren autonomia eta bere kabuz erabakitzeko gaitasuna indartzea josketa giro batean, eta bestetik, programaren oinarria zaintzaileak eta senideak lagundu eta artatu beharra da, paralisiak jotako pertsonak etengabe zaindu behar izateagatik haiek jasaten duten zama fisikoa nahiz emoziozkoa arintzea, alegia, eta, horrenbestez, atsedenaldi bat eskaintzen zaie.

Azkenik, zenbatekoaren zati bat ezagutarazte eta dibulgazio zereginetara bideratuko da. Hartara, jakitera eman nahi dira bai garun paralisia bera, bai eta Aspace elkartean egiten diren lana eta jarduerak.