Vital Kutxak ia 100.000 euro zuzenduko ditu Arabako oinarrizko kirola sustatzeko

Actualizado: lunes, 28 julio 2014 13:03
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

   Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak ia 100.000 euro zuzenduko ditu Arabako oinarri-kirola sustatzeko, eta guztira, lurraldeko 28 elkarte eta taldek jasoko dute laguntzaren bat, kirola egitea eta zenbait kirol ekintza bultzatzeko.

   Horrela, aurreko urteetan bezala, Arabako oinarrizko kirolak aurten ere izango du Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntza. Zehazki, finantza erakundeak 36.380 euro jarriko ditu 28 elkarte eta talderentzat, gazteen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta arabar lurraldeko bazterretan kirol gertakariak antolatzea errazteko.

   Txirrindularitza, pilota, eskubaloia, bola jokoa, gimnasia edo futbola eta beste asko dira, besteak beste, zenbait lankidetza hitzarmenen bitartez aurten Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren diru laguntza jasoko duten kirol motak. Zehazki, 28 kolektiboren artean banatuko da Araban kirola egitea sustatzera eta Arabako elkartegintza bilbea sendotzera zuzendutako aurrekontu sail hori, erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

   Horien artean daude Arabako bola joko, eskubaloi, pilota eta petanka federakundeak; futbol elkarteak (Nanclares, San Martin, Zaramaga, San Ignacio, Zambrana, Alegria, Ariznabarra, Rioja Alavesa - Luzerna eta Salvatierra Kirol Elkartea); txirrindulari elkarteak (Durana Txirrindulari Elkartea, Arabarrak kirol taldea, Amurrioko Txirrindulari Elkartea edo Txirrindularitza Eskola); atletismo elkarteak (La Blanca eta Laudio); saskibaloia (Araberri Basket Club); gimnasia (Oskitxo kluba); mendia (Gasteiz Mendiko Taldea); emakumeen eskubaloia (Eharialdea elkartea); tenisa (Gasteizko Tenis Club); eta herri kiroletako Berrio Kirol Elkartea.

   Orobat, lankidetza horrek ahalbidetuko du emakumeen futboleko jardunaldiak egitea Gasteiz Cup futbol elkartearekin edo jada sendotuta dauden bi kirol gertakari egitea: Vitoria-Gasteiz-Estibaliz herri lasterketa, Manuel Iradier Txangolari Elkarteak antolatuta, eta Arabako Enpresen Lasterketa, Araba Ekinean programaren barruan antolatzen dena.

   Bestalde, lankidetza hitzarmenez gain, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak laguntza logistikoa ere ematen du, egiturak, standak, puzgarriak, agertokiak eta megafonia ipiniz Arabako kirol elkarteek, federakundeek, administrazioek eta udalek antolatzen dituzten kirol gertakari garrantzitsuenetan, eta haien kostua _63.281 euro_ Gizarte Ekintzak bere gain hartzen du.