Vital Kutxaren Gabonetako Nekazaritza Azoka ostegunean irekiko da Gasteizen

Nekazaritza Azoka Gasteizen
VITAL KUTXA
Actualizado: martes, 15 diciembre 2015 13:34

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

   Vital Kutxa Fundazioak Gabonetako Merkataritza Azoka zabalduko du Gasteizen ostegunean, abenduaren 17an, Plaza Berrian eta, berritasun bezala, Lehendakari Agirre kalean. Guztira 138 saltoki jarriko dira, eta ehundik gora ekoizleren eskaintza gastronomikoa eta etxeko hegaztien eta artisautza produktuen erakusketa ikusi ahalko dira. Azoka 09:00etan hasi da eta 16:00etan itxiko da, Vital Kutxa Fundazioak adierazi duenez.

   Horrela, hiriaren erdigunea 58. Gabonetako Nekazaritza Azokaren agertoki bihurtuko da ostegunean. Plaza Berriko ohiko kokapenari, aurten Lehendakari Agirre kalea gehitu zaio, artisautzako produktuak erakusteko eta saltzeko postuak leku horretan instalatuko baitira lehen aldiz.

   Plaza Berrian, beraz, leku gehiago egongo da nekazaritza elikagaien ekoizleentzat eta etxeko hegaztiak erakusteko. Aldaketa horiek ahalbidetuko dute jendearentzako eskaintza zabalagoa egotea, bai eta azoka gunean sektoreak bereiztea ere. Gainera, artisauek euren lanen erakusketak egin eta euren sorkuntza lanak erakutsiko dituzte.

   Aurten 112 erakusketari bilduko dira 138 saltokitan -iaz baino 14 gehiago-, eta baserriko askotariko produktuak eskainiko dizkiete bisitariei: lekaleak, barazkiak eta ortuariak; hestebeteak, gaztak, eztia, pateak, kontserbak, ardoak eta likoreak; ogia eta gozogintza, nahiz beste elikadura produktu batzuk.

   Orobat, food truck delako batek arabar patata beste osagai batzuekin lagunduz egindako jakiak eskainiko ditu, eta ez dira faltako taloak eta sagardoa. Aipatutako guztiek Gasteizko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak emandako kontrol arauak bete dituzte.

   Lehendakari Agirre kalean egongo diren artisautza produktuei dagokienez, han aurkitu ahalko dira zilarrezko bitxigintza, otzaragintza, zeramika eta basazko kazoletatik, eta ardo zahatoak, artilea, zorroztarriak nahiz egurrezko zenbait gauzaraino.

   Produkturik gehienak Arabakoak dira, baina izango dira baita Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa, Kantabria, Gaztela eta Leon, Galizia, Aragoi, Katalunia, Extremadura eta Frantziako zenbait ekoizle ere.