Xosé María Díaz Castroren "Nimbos / Argi-koroak", galego-euskara edizio elebidunean

Foto: EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 16 diciembre 2014 17:48
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzaren eta Galiziako Xuntaren arteko elkarlanari esker, Xosé María Díaz Castro poeta galiziarraren "Nimbos / Argi-koroak" liburua irakurgai dago gaurdanik euskal irakurleentzat ere, galizieraz eta euskaraz argitaratu den edizio elebidunean.

   Donostian gaur egin den ekitaldian aurkeztu dute argitalpena Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Valentín García Gómez Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiak. Bi arduradunek Espainiako Gobernuari eskatu die abian jar ditzala edizio eleanitzak (euskara-galiziera-katalana-gaztelania) argitaratzeko ekimenak. Ekitaldian, Euskadirekin lotura estua izan zuen idazlearen semeetako bat ere izan da, Jose Maria Díaz Zubizarreta.

   1961ean argitaratu zuen Xosé María Díaz Castro (1914-1990) olerkari galiziarrak "Nimbos" poesia liburua. Bere liburu bakarra izanagatik ere, Galiziako literaturan arrasto handia utzi duen idazlea izan da, erreferentea herrialde horretako poesiagintzan.

   Baztarrikak Euskadirekin izan zituen harreman eta loturak hartu ditu hizpide. "Xosé María Díaz Castro Urretxun ezkondu zen, bertako Teresa Zubizarreta Bengoetxearekin, 1954an", zehaztu du. "Urretxuarrak dira, era berean, bikoteak izan zituen hiru seme-alabak. Horrez gain, poetak anaia bat ere izan zuen Sestaon, 1954an hil zitzaiona", gaineratu du.

   Bestalde, "Nimobs" poema bilduma "zubi bat" dela azpimarratu du, "idazlearen eta irakurleen arteko zubia, lehenik eta behin, baina baita Europako kostalde atlantikoan elkarrengandik ez oso urrun bizi eta etengabe aurrera egin nahi duten bi hizkuntzen eta bi hiztun komunitateen arteko zubia ere". "Euskararen eta galegoaren arteko zubia. Euskaraz eta galegoz irakurle direnen arteko zubia", nabarmendu du.

   Era berean, edizio elebiduna lankidetzaren emaitza dela ere azpimarratu du Baztarrikak. "Lankidetza da hitz gakoa, hizkuntzen sustapenaz hitz egiten dugunean. Bereziki galegoa eta euskara bezalako hizkuntzen arteko harremanez hitz egiten dugunean. Lan asko eginda gaude elkarrekin gure hizkuntzen sustapenerako, oso bereziki Espainiar Estatuko eta Europako instituzioen aurrean", adierazi du.

"ERREFENTERIK FUNTSEZKOENA"

   Beste alde batetik, Valentín Garcíak Díaz Castroren olerkigintzak Galiziako letretan izan duen garrantzia nabarmendu du eta, lan ugaririk ez izan arren, "kritiko eta adituen ustean, Galiziako diskurtso poetikoak sekula izan duen erreferenterik funtsezkoena" da. "Idazle honek Galiziako Letren Errepublikan izan duen loria, 'Nimbos' lan honi zor dio", gaineratu tu.

   Eusko Jaurlaritzaren eta Galiziako Xuntaren arteko elkarlan hau, "idazleari zor zitzaion" eta "ongi merezitako argitalpena" dela azaldu du Garcíak, hark Euskadirekin izan zituen lotura estuak direla eta.

   Gerardo Markuletak ekarri ditu euskarara "Nimbos / Argi-koroak" laneko olerkiak. Liburuaren hitzaurrea Xesús Alonso Montero Galizieraren Errege Akademiako presidenteak idatzi du, Díaz Castroren bizitzaz eta obraz saiakera oparoa. Hitzatzea berriz, Euskaditik idatzia da, baina bertan aspaldi errotutako galiziar baten eskutik: Xosé Estévez Deustuko Unibertsitateko irakasleak hartu du lan hori.

   Eguerdian egin den prentsaren aurreko ekitaldiaren ondotik, beste aurkezpen ekitaldi bat egingo da iluntzean, Donostian bertan. Groseko Galizia Etxean elkartuko dira, eguerdiko ekitaldian izan direnak, bai eta Xesús Alonso, Galizieraren Errege Akademiako presidentea ere.

XOSÉ MARÍA DÍAZ CASTRO

   Xosé María Díaz Castro 1914an jaio zen Lugoko Os Vilares herrixkan (Guitirizeko kontzejuan), nekazaritza familia dirudunean. Mondoñedoko seminarioan egin zituen ikasketak, 1936ko gerrak eten bazuen ere hango egonaldia. Gerra amaitutakoan seminariora itzuli arren, berehala utzi zuen elizbidea. Irakasle jardun zuen gerra ostean Vilagarcía de Arousan, baina Madrilen itzultzaile oposaketak gainditurik, lanbide horretan jardun zuen zenbait erakunde ofizialetan. 14 hizkuntza ere ezagutzen zituen.

   1954an Teresa Zubizarreta Bengoetxea urretxuarrarekin ezkondu zen, Urretxun bertan, eta bikotearen hiru seme-alabak ere herri horretan jaio ziren. Gerra garaiko harreman epistolarraren bidez ezagutu zuen emazte izango zuena. "Gerrako amabitxi" zen Teresa: gutunak idazten zizkien soldaduei, haien adorea pizteko asmoan.

   1961ean argitaratu zuen "Nimbos", bere liburu bakarra. 32 poema jasotzen ditu, zazpi ataletan banatuak: "Atarikoa", "Gaua", "Argia", "Esperantza", "Miraria", "Ametsa" eta "Zauria". Jakituria klasikoaren erakusle dira "Nimbos" laneko bertsoak, baina arima galiziarraren sustraietan barneratzen den sakontasun filosofikoa, edo natura eta gauza ñimiñoekiko amodioa ere islatzen ditu.

   "Esperantza" izeneko laugarren atalak jasotzen du Diaz Castroren poemarik ezagunena eta gorena: "Penelope". Galiziaren eta pertsonaia mitologiko horren arteko paralelismoak eraikitzen ditu olerkariak poema horretan.

GOBERNUARI ESKAERA

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Galiziako Xuntak eta Kataluniako Generalitateak proposamena egin diote Espainiako Gobernuari, edizio eleanitzak argitaratzeko ekimena abian jar dezan (euskara-galiziera-katalana-gaztelania), hizkuntza hauetan idatzitako literatur lan esanguratsuekin.

   Proposamena litzateke, euskaraz, galizieraz edo katalanez sortutako lanen aukeraketa bat jatorrizko bertsioa eta gainerako hizkuntza guztietarako itzulpenak -gaztelania barne- jasoko lituzkeen edizioan argitaratzea. Patxi Baztarrika sailburuordeak eta Galiziako bere kide Valentín Garcíak aurkeztu dute gaur proposamena, liburuaren aurkezpen ekitaldian.

   "Espainiako Estatua estatu eleanitza da, baina elebakarra bailitzan jarduten duena, gainerako hizkuntzen zabalkunderako jarrera aktiborik erakutsi gabe", azaldu du Baztarrikak, eta ekimen honen asmoa zein den azaldu du: "Espainiako Gobernuak har dezala konpromiso aktiboa Estatuko aniztasun linguistikoa ikustarazten eta zabaltzen, Estatuaren lurralde guztian".