Zaintza eta etxeko lanetan dabiltzan emakume etorkinen herenak lan baldintzekin arazoak ditu

Actualizado: jueves, 16 julio 2015 14:24

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak zaintza eta etxeko lanetan dabiltzan emakume etorkinen herenak lan baldintzekin arazoren bat duela adierazi du bere azken ikerketan. Argitaratu berri den lanak Emakundek deitutako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Beka deialdiaren emaitza da.

   Julia Nogueirak eta Joseba Zalakainek egin duten ikerlanak duen hipotesi nagusia da Euskadin bizi diren eta zaintza eta etxeko lanetan diharduten emakume etorkinak "ahultasun eta diskriminazio egoera berezien aurrean" aurkitzen direla, eta "egoera honek ogibidearekin eta emakumeen jatorriarekin zerikusia" duela adierazi dute.

   Egoera horrek eragina du ezberdintasun sozialetan, lanekoetan eta, gainontzeko hiritarrekin konparatuz, baliabide orokorretara duten sarbideetan. Ikerketaren arabera, diskriminazio anitz hau hainbat faktoreren batuketa da eta harremana dauka egitura sozialarekin eta politika publikoekin, Emakundek gogorarazi duenez.

   Ikerketako datuen arabera, Euskadin etxeko lanetako 30.000 enplegu daude eta ogibidea "guztiz feminizatua" dago, inkesten arabera, emakumeak lan hauetan ari direnen %95a baitira. Sektore honetan lan egiten duten emakume etorkinak 14.000 inguru ziren 2013an, 2009an baino %40 gehiago.

   Emakume etorkinen %42, bereziki latinoamerikarrak, zaintza eta etxeko lanean aritzen dira, eta hauetatik heren batek adierazten du arazoak dituela lan baldintzekin, lan jardunaldiarekin, soldatarekin edo kontratuarekin.

   Etxeko lanetan aritzen diren emakume etorkinetako askok arazo ekonomikoak ditu: %20k arazoak ditu oinarrizko beharrizanei aurre egiteko (janaria, jantziak, zapatak edo etxebizitza) eta %36k aurreikusita ez dauden gastuei aurre egiteko. Sektore honetan lan egiten duten emakume etorkinen %28k dio "oso gutxi integratua" sentitzen dela euskal gizartean.