Zamudio, Olaberria eta Zierbena dira biztanleko BPG altuena izan duten EAEko udalerriak

Actualizado: martes, 19 abril 2011 18:33

Eskualdeka, Arabako Errioxa, Gorbeialdea eta Arabako Ibarrak dira biztanleko BPG altuena izan dutenak


BILBO, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Zamudio udalerriak izan du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleko Barne Produktu Gordin (BPG) altuena, EAEko 100 erreferentzia-balioarekin alderatuta 975eko indizea izan baitu, Eustaten datuen arabera.

Haren atzetik daude, bigarren eta hirugarren postuetan hurrenez hurren, Olaberria (906) eta Zierbena (876) udalerriak; lehena Gipuzkoan dago eta bigarrena Bizkaian. Araban Legutio (573) udalerriak izan du biztanleko BPG altuena, EAEko udalerri guztien artean laugarren postua lortuz.

BPG sektoreen arabera honela banatu da: Zamudion zerbitzuen sektoreak (%49,2) izan du BPG altuena eta gero industriarenak (%47,1); bi sektore hauek Parke Teknologikoko enpresa-jarduerei lotuta daude.

Biztanleko BPG altuena izan duten hiru udalerrietan ematen da ezaugarri bera, hau da, lehen sektoreak garrantzi eskasa duela. Zamudion eman den egituraz bestelakoak dira Olaberria eta Zierbenarenak; hauetan industria garrantzitsua da (%85 ingurukoa) baina zerbitzuen sektorea %15,6 izan da Olaberrian eta %9,1 Zierbenan.

Eskualdeka, Araban daude biztanleko BPG altuenak izan dituzten hiru eskualdeak. Horietako lehen eskualdea Arabako Errioxa izan da, 188 indizearekin; eskualde honetan ardogintzaren industriak portaera ona izan du eta biztanle dentsitatea txikia da. Guardia (352) eta Eskuernaga (231) udalerriak dira eskualde horretako emaitza onenak izan dituzten udalerriak.

Gorbeialdea (181) eta Arabako Ibarrak (162) izan dira bigarren eta hirugarren postuetan dauden eskualdeak. Laugarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren, Gipuzkoako Deba Garaia (132) eta Bizkaiko Durangaldea (122) eskualdeak izan dira.

Dena den, Eustatek azpimarratu du eskualde horietan guztietan industriaren balio erantsi osoak portzentaje altua izan duela, %55 ingurukoa, eta EAEkoa % 27,9 izan dela. Bestalde, zerbitzuen sektoreak garrantzi eskasagoa izan du: %35 ingurukoa eta EAEn %62,2.

BILAKAERA

1996 eta 2008 artean biztanleko BPGk izan duen bilakaerari dagokionez, Zierbena (Bizkaia) eta Arama (Gipuzkoa) udalerrietan hazi da gehien biztanleko BPG; batez beste urtean %32,1eko eta %22,2ko hazkunde pilatuak izan dituzte, hurrenez hurren. Hurrengo udalerrietan ere aipatzeko moduko hazkundeak izan dira: Bizkaian Derion (%14,6), Araban Bernedon (%14,2) eta Gipuzkoan Olaberrian (%14,2).

Produktibitatearen ikuspegitik, eta EAEko landun bakoitzeko BPG hartuta neurri gisa (hau da, biztanleak zenbatu beharrean udalerri bakoitzeko landun kopurua kontuan hartuta), udalerri hauek nabarmendu dira: lehenengoa Bizkaiko Zierbena (581), bigarrena Gipuzkoako Olaberria (251), hirugarrena Arabako Zanbrana (245) eta laugarrena Bizkaiko Fruiz (210).

Lurraldeak eta eskualdeak aztertuta, Goierri (Gipuzkoa) eta Kantauri Arabarra dira landun bakoitzeko BPG altuena izan duten eskualdeak, 119 indizearekin, eta Arabako Errioxa hirugarren postuan geratu da 116 indizearekin. Bizkaian, Durangaldeak izan du landun bakoitzeko BPG altuena: 107 indizea.

Hiru hiriburuak aztertzean hurrengo datuak atera dira: Bilbon eta Donostian BPGaren %85etik gora zerbitzuen sektoreak sortu du, eta Gasteizen portzentaje hori %64 ingurukoa izan da. Ildo horretan, industrik ekarpen handiagoa egin du Gasteizen (%26,7), Bilbon (%6,5) eta Donostian (%6,8) baino.