Zamudio, Olaberria eta Zierbena, EAEn biztanleko aberastasun handiena duten udalerriak

Actualizado: miércoles, 10 junio 2015 13:25

Biztanleko BPG handiena duten udalerrietan industria jarduerak dira nagusi, Loiun izan ezik, non zerbitzuen sektorea gailentzen den

   BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Zamudio udalerriak izan du biztanleko Barne Produktu Gordin (BPG) handiena 2012an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta bigarren eta hirugarren postuetan Olaberria (Gipuzkoa) eta Zierbena (Bizkai) daude, hurrenez hurren. Laugarren eta bosgarrenean Loiu eta Ajangiz agertzen dira, Bizkaikoak biak, eta seigarrenean Berantevilla udalerri arabarra, Eustatek argitaratutako datuen arabera.

   EAEko hiru hiriburuen artean, Donostia da 2012ko lehena, 113ko indizearekin; Gasteiz doa hurrena, 105eko indizearekin; eta Bilbo azkenik, bere indizea batez bestekoa baino zertxobait handiagoa izanik (101).

   Udalerri bakoitzeko BPGaren sektore banaketari erreparatuz gero, Zamudion industria (%48,9) eta zerbitzuak (%48,5) berdin banatzen dira, biak Teknologia Parkeko enpresa jarduerarekin loturikoak, hain zuzen. Lehen sektoreak duen pisu urria da biztanleko BPG handiena duten hiru udalerrien ezaugarri komuna.

   Bestalde, aipatzekoa da Olaberrian eta Zierbenan industriak duen pisua, %74,4 eta %81,6, hurrenez hurren. Bi udalerriotan, zerbitzuen sektoreak pisu txikia du, %24,8 eta %16,6, hurrenez hurren. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da Loiuren (biztanleko BPGari dagokionez laugarren lekuan dagoena) ekonomiaren zati garrantzitsua zerbitzuen sektorean oinarritzen dela (%76,0), aurreko hiruretan ez bezala.

   Hiriburuei dagokienez, zerbitzuen sektoreak sortzen du Bilbo eta Donostiako BPGaren %85 baino gehiago; Gasteizen kasuan, ostera, BPGaren %68 baino ez du sortzen. Zentzu horretan, Gasteizko industriaren ekarpena handiagoa da (%25,1), Bilborekin (%6,9) eta Donostiarekin (%5,8) alderatuz.

   Eskualdeka, Araban daude biztanleko BPG balio handienak ematen dituzten hiru eskualdeak, eta Añanako kuadrilla dago lehen tokian, 181eko indizearekin. Eskualde horren barruan, Berantevilla (513), Zanbrana (257) eta Lantaron (249) dira zerrendako lehenak. Berantevilla eta Lantaroni dagokienez, industria da beren ekonomiaren eragilea, eta Zanbranaren kasuan, berriz, zerbitzuak.

   Arabako Errioxako eskualdeek (173) eta Gorbeia Inguruek (136) dituzte lehen hiru lekuak, eta laugarren eta bosgarren tokian Gipuzkoako Debagoiena (125) eta Arabako Mendialdea (117) daude, hurrenez hurren.

   Eskualde hauetan guztietan, Arabako Mendialdean izan ezik, industriak eragin handia du balio erantsian (%50 inguru batez beste), EAEn %24,2 izanik. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, pisu txikiagoa du (%40 inguru), EAE osoan %68,0 delarik.

2010-2012 ALDIA

   2010-2012 aldiko biztanleko BPGaren bilakaerari dagokionez, EAEko 251 udalerrien 133k (%53) bilakaera negatiboa izan dute udalerri mailan, eta 118 udalerrik baino ez dute bilakaera positiboa izan. Zerain, Gaztelu eta Alonsotegi dira 2010 eta 2012 bitartean gehien hazi diren udalerriak, %52,0, %50,5 eta %47,4ko hazkundeekin, hurrenez hurren.

   Halaber, 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, Santurtzi (%9,9), Irun (%3,7) eta Errenteria (%2,9) gailentzen dira zentzu positiboan, eta Sestao (%-15,4), Galdakao (%-11,6) eta Leioa (%-9,8) nabarmentzen dira beren aldakuntza negatiboak direla eta.

   Hiru hiriburuen artean, Donostiak du bilakaerarik negatiboena, biztanleko BPGaren %1,4ko aldakuntza negatiboarekin. Gasteiz da hurrena, %-0,1eko aldakuntzarekin, eta Bilbo, berriz, bilakaera positiboa izan duen hiriburu bakarra da (%0,3).