Zibersegurtasuna: Basque Industry 4.0 biltzarrak 300 profesional bilduko ditu ostegunean Hernanin

Actualizado: martes, 21 febrero 2017 13:05

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Zibersegurtasuna: Basque Industry 4.0 biltzarra egingo da ostegunean, otsailaren 23an, Orona-Ideo eraikinean, Hernanin (Gipuzkoa), eta 300 profesional elkartuko ditu. Topaketaren helburua da enpresa txiki eta ertaineko (ETE) profesionalei zibersegurtasunaren inguruan formakuntza ematea. Jardunaldia goizeko 09:30ean hasiko da.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeko iturriek jakinarazi dutenez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) industria inguruneetan sartzearen ondorioz, segurtasun arrisku eta erasoak areagotu egin dira. "Zibererasoak modu dramatikoan hazten ari dira, orain dela urte gutxi arte guztiz isolatuta -eta beraz erasoetatik libre- zeuden inguruneak elkarren artean interkonektatzen ditugun heinean", azaldu dute.

Horrela, 4.0 Industriako proiektu batean hasten den edozein enpresak, handia zein txikia izan, kontuan hartu behar ditu bere ekoizpen prozesuan teknologia jakin batzuk sartzeak nolako eragina izango duen zibersegurtasunaren arloan.

Arrazoi hauek medio, Eusko Jaurlaritza lanean ari da Euskadiko industria alorreko profesionalak eszenatoki honetarako prestatzen eta ildo horretan antolatu du Zibersegurtasuna: Basque Industry 4.0 biltzarra. Bertan, Arantxa Tapiak eta Estefania Beltran de Herediak parte hartuko dute, Garapen Ekonomikoko eta Segurtasuneko sailburuek, hurrenez hurren, eta Jaurlaritzak egingo duen Zibersegurtasun Zentroaren ardatzak aurreratuko dituzte.

Biltzarraren helburua da ETEetako profesionalei zibersegurtasunaren inguruan formakuntza ematea eta foro bat sortzea, industria inguruneetako zibersegutasunari buruzko ideiak, esperientziak eta kasu arrakastatsuak partekatzeko. Horretarako, hainbat adituk gaiari buruzko hitzaldiak emango dituzte. Ingurune mota hauetan gertatzen diren ohiko erasoak zeintzuk diren azalduko dituzte eta, batez ere, arrisku hauetatik babesteko edo arriskuak gutxitzeko teknikei buruz hitz egingo dute.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan abian jarriko duen Zibersegurtasun Zentroaren garapenarekin bat dator jardunaldian, eta Tapia eta Beltran de Heredia sailburuek proiektuaren gakoak aurreratuko dituzte euren hitzaldietan. Horrez gain, enpresa industrialen kasu errealak aurkeztuko dira eta aukera egongo da sektoreko arazoen inguruko esperientziak profesionalen eskutik ezagutzeko.