Zientziaren etorkizunaz hausnartzeko topaketa egiten ari dira EAEko eta Kataluniako ordezkariak

EAEko eta Kataluniako ordezkariak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 26 enero 2017 18:37

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Kataluniako ordezkariak zientziaren etorkizunaz hausnartzeko topaketa bat egiten ari dira Bartzelonan. Lan saioak ostegunean eta ostiralean dira, eta EAEko eta Kataluniako zientzia nahiz unibertsitate jarduera egokienak aztertuko dira. Helburua da "bi erkidegoek zientziaren esparruan duten lidergoari eusten jarraitzea, dela unibertsitate eremuan, dela ikerketa zentroetan", Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Euskal ordezkaritza osatzen dute Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Amaia Esquisabel Zientzia Politikarako zuzendariak eta Fernando Cossio Ikerbasque agentziako zuzendari zientifikoak. Kataluniako Generalitatearen ordezkari, berriz, Arcadi Navarro Unibertsitate eta Ikerketa idazkaria, Francesc Subirada Ikerketa zuzendaria eta Antonio Huerta ICREA erakundeko zuzendari zientifikoa ari dira.

Jaurlaritzaren arabera, Ikerbasque eta ICREA dira Europa mailako zientzialariak erakartzeko lanean diharduten erakunderik entzutetsuenak Espainiako Estatuan. ICREAk, 15 urteko ibilbidean, 250 ikertzaile baino gehiago erakarri ditu Kataluniara, eta Ikerbasquek, berriz, sortu zenetik hamar urtera, 210 ikertzaile erakarri ditu EAEra. Bi erakundeak "arrakasta eredu dira Estatuan, goi mailako zientzialariei aukerak eskaintzeko zereginean". Cossioren hitzetan, "Ikerbasque eta Kataluniako ICREA Europako erreferente bihurtu dira zientzialariak erakartzeko eginkizunean".

Ikerbasque datozen lau urteetarako bere estrategia atontzeko lanean murgilduta dago, eta horretarako, beste herrialde batzuetako esperientziak aztertu nahi ditu. Moraisek azaldu duenez, "Kataluniak unibertsitateetan zientziari bultzada ematen izan duen esperientzia adibide ona da Euskadirentzat".

Horrela, bada, zientziaren sustapenean EAEren eta Kataluniaren artean lehendik ere zegoen lankidetza aintzat hartuta, Jaurlaritzak eta Ikerbasquek azterketa lan bat burutuko dute Kataluniako Generalitatearekin eta Kataluniako beste zenbait zientzia erakunderekin elkarlanean.

Kataluniako ikerketa zentroen sareak 42 ikerketa zentro eta 14.000 ikertzailetik gora ditu. Euskal ordezkaritzak zentro horietako bi bisitatuko ditu: IRB (Institute for Research in Biomedicine) eta IBEC (Institute for Bioingeneering of Catalonia). Bisita hauetatik, EAEko BERC Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak indartzeko praktikarik egokienak hartuko dira.