Zigarro elektronikoa ezin izango da erabili osasun zentroetan, ikastetxeetan eta garraio publikoan

Zigarreta elektroniko bat
Foto: CEDIDA
Actualizado: martes, 25 febrero 2014 16:24

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zigarreta elektronikoaren erabilera arautu eta mugatuko duen agindua abian jarri dela jakinarazi dio Gobernu Batzordeari. Horrela, izapidetze fasean dagoen agindu berriak neurriak ezarriko ditu langile publikoek eta herritarrek zigarro elektronikorik ez erabiltzeko osasun zentro eta establezimenduetan, ikastetxeetan eta Euskadiko Administrazio Orokorraren egoitzetan, garraio publikoak barne.

   Halaber, agindu berriak gomendioa egingo die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gainerako administrazio publikoei, beren esparruan ere antzeko neurriak har ditzaten.

   Neurriak Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) gomendioei jarraitzen die. Produktuak kalterik egiten ez duela frogatu arte halakorik ez erabiltzeko gomendatzen du OMEk, are gehgiago Europar Batasunean legezko erreferentzia izango den Zuzentaraua onetsi bitartean. Dena den, debekatuta dago zigarreta elektronikoa 18 urte baino gutxiago dutenei saltzea.

   Aginduaren justifikazio atalean -zuhurtasun printzipioa eta eredugarritasuna aipatzen ditu- gogorarazten denez, produktuaren publizitateak tabakoaren ordezko gisa eta hura erretzeari uzteko artikulu lagungarri gisa aurkeztuagatik ere, oraindik orain ez da frogatu zeregin horretan eraginkorra denik, ez eta kalterik eragiten ez duenik ere, ez baitago zuzeneko erabiltzaileen zein inguruan diren zeharkako erabiltzaileen osasunaren gaineko eraginari buruzko ebidentzia zientifikorik.

   Izan ere, gailuaren segurtasuna, eraginkortasuna eta izan daitezkeen bestelako ondorioak zein diren argituko bada, ikerketa eta azterketa gehiago egin behar dira eta oraingoz ez da zeharo baztergarria zigarreta elektronikoak toki publikoetan erabiltzeak kolokan jartzea tabakoaren kontsumoa arautu zenetik lortu den normalizazioa. Arau horiexek hartuko dira, gainera, erreferentziatzat zigarreta elektronikoaren erabilera arautzeko.

   Osasunaren Munduko Erakundeak halakorik ez erabiltzeko gomendioa zabaldu zuen 2013ko uztailean, "harik eta ondo argitzen den arte produktu segurua, eraginkorra eta kalterik gabea den, betiere erakunde arautzaile nazional eskudunak ziurtatuta".

   Bestalde, Europako Parlamentuak proposamen bat egin zuen 2013ko urriaren 8an, halako produktuak katalogatu aurretik horiek ebaluatuko dituzten azterketak egitea eskatzeko, eta uste da aurten bertan onartuko dela horri dagokion Zuzentaraua, estatuek zeinek bere antolamendu juridikora eramatean errespetatu beharreko printzipio eta neurri orokorrak xedatuko dituen testu estandarra, hain zuzen.