Zinebi 58ra lanak aurkezteko epea zabalik da

Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 16:49

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioa martxan dago jada, eta abuztuaren 1era arte zabalik dago parte hartu nahi duten fikziozko animaziozko lanak eta dokumentalak aurkezteko epea. Zinebi 58 azaroaren 18tik 25era ospatuko da, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Lehiaketara aurkeztuko diren lanek 45 minutuko iraupena izango dute gehienez, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan beharko dira. Izen ematea ekoizleek edo beren lege ordezkariek egin beharko dute, MoviBeta eta Festhome plataformen eta www.zinebi.eus webgunearen bitartez.

   Bilboko Udalak antolatzen du Zinebi, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin.

   Zimenaldiaren zuzendaritzak izendatutako nazioarteko epaimahaiak honako sari hauek banatuko ditu: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinearen Sari Nagusia (5.500 euro), Zinema Espainiarraren Sari Nagusia (5.500 euro), Latinoamerikako Film Hoberenaren Sari Nagusia (4.000 euro), Fikziozko lanari emandako Urrezko Mikeldia (4.000 euro), Fikziozko lanari emandako Zilarrezko Mikeldia (3.000 euro), Dokumentalari emandako Urrezko Mikeldia (4.000 euro), Dokumentalari emandako Zilarrezko Mikeldia (3.000 euro), Animaziozko lanari emandako Urrezko Mikeldia (4.000 euro) eta Animaziozko lanari emandako Zilarrezko Mikeldia (3.000 euro).