Zinebik "Mercedes Sosa, la voz de Latinoamérica" proiektatuko du ostegun honetan

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatzen duen "Hileko dokumentala" estreinaldien zikloak Rodrigo H. Vilaren "Mercedes Sosa, la voz de Latinoamérica" (Argentina, 2013) filma eskainiko du ostegun honetan, otsailaren 26an. Emanaldia Multicine zinema aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan, eta sarrerak 3,70 euro balioko du, Zinebiko arduradunek jakinarazi dutenez.

"Mercedes Sosa, la voz de Latinoamérica" 2009an hil zen emakumearen, artistaren eta aktibistaren mundura egindako "bidaia intimoa" da. "Latinoamerikak eszenatoki gaineko ahots handia galdu zuen, baina, beste ezer baino gehiago, ausardiaz betetako ahotsa galdu zuen bidegabekerien aurkako protestetan", azaldu dute.

Manifiesto del Nuevo Cancionero izeneko mugimenduaren kide zen folk abeslari argentinarrak heriotza mehatxu asko jaso zituen, eta erregimen militarrak erbestera bidali zuen 1980ko hamarkadan.

Sosak 15 urte zituela hasi zuen bere ibilbidea, Tucumán hiriko irratian abesti lehiaketa irabazi zuenean. Bere ahotsaren erregistroak eta ñabarduren aberastasunak, melodia baino gehiago, bere herriaren mina eta itxaropenak zabaltzen zituzten, eta zenbat eta ezagunago bilakatu, ezkerrerako zuen joerak gero eta deserosoago bilakatzen zuten Argentinako agintarientzat.

ESZENATOKIAN ATXILOTUA

Bere musika debekatu egin zen irratian eta telebistan, eta 1978an, La Platan ematen ari zen errezitaldi batean, eszenatokian bertan atxilotu zuten. Gertakari horren ondorioz Europako zenbait herrialdetara joan behar izan zuen, erbestera, eta horrek min handia eragin zion, dokumentalean ikus daitekeenez.

Dokumentala jatorrizko bertsioan eskainiko da, ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, frantsesez eta portugesez, gaztelaniazko azpidatziekin. Sari garrantzitsuak jaso ditu jada erreferentziazko hainbat dokumentalen jaialditan, hala nola DocsBarcelonan, Panaman, Sydneyn, Herbehereetan, Montrealen eta Thessalonikan.

Bestalde, Rodrigo H. Vila hedabideen ekoizle gisa graduatu zen 1993an, eta zuzendari eta ekoizle gisa aritu zen lanean hainbat komunikabidetan. 1998an Cinema 7 Films sortu zuen, eta azken hiru urteetan Nazioarteko Doc Meeting Argentina Forumaren zuzendaria izan da. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, horien artean, Argentinako sari garrantzitsuena den Martin Fierro bi, Nazioarteko Ekoizle Hoberenari emandakoak.

Zinebik jarraipena ematen dio urte osoko programazioari "Hileko Dokumentala" zikloaren bidez. Ekimenarekin, generoaren zaletuek nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa etxearen eskutik, Multicine zinema aretoek zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.