Zinegoak jaialdiak indar gehiago emango die dokumentalei 14. edizioan

Zinegoak 14ren egitaraua aurkeztu dute
ZINEGOAK
Actualizado: martes, 7 febrero 2017 14:08

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Zinegoak Bilboko 14. Nazioarteko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak "dokumentalen aldeko aldarria" egin du astearte honetan aurtengo edizioaren aurkezpenean. Dokumentalei indar gehiago emateko erabakiarekin, jaialdiak bi asteko iraupena izango du (ohikoa baino bat gehiago), eta otsailaren 20tik martxoaren 5era arte ospatuko da.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, "dokumentalek eta fikzioek garrantzi berbera izatea nahi genuen. Genero identitate edo sexu aniztasunarekin lotura duten dokumental ugari jaso ditugu".

Beraz, jaialdiaren lehenengo astean dokumentalek izango dute protagonismorik handiena Bilborock aretoan, eta bigarren astean, ostera, fikziozko laneak hartuko dute lekukoa Golem Alhondigako zinema aretoetan. "Publikoak egiten zuen aldarrikapen bati erantzun diogu, jaialdiaren iraupena handituz eta, horrela, jendeak aukera gehiago izango du proiekzio eta jarduera ezberdinez gozatzeko", azaldu du.

João Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarrak Zinegoak 2017 Ohorezko Saria jasoko du otsailaren 20an, Arriaga antzokian ospatuko den hasiera ekitaldian. Hurrengo egunean, otsailaren 21ea,n ikastaro magistral bat eskainiko du Komunikazioa, Arte Ederrak eta Ikus-entzunezkoak ikasten ari diren ikasleekin, eta arratsaldean, "O ornitólogo" bere azken lanaren proiekzioa izango da, dohainik, Golem Alhondiga zinem aretoetan, FAS zine klubarekin elkarlanean.

Halaber, Bilboko jaialdiak eskainiko duen hurrengo saria Queer Kampala IFF jaialdiarentzat izango da. Ugandan antolatzen den LGTB+ zinemaldia da, Afrikan antolatzen den mota honetako ekimen bakarra; gainera, gaur egun Ugandan homosexuala izatea ilegala da. Guillenen esanetan, "ezinbestekoa da jaialdi hau antolatzen duten lana, esfortzua eta ausardia aitortzea. Ohore handia da guretzat Hassan Kamoga zuzendaria Bilbora etortzea eta zuzenean saria eskaintzea".

Hassan Kamogaren bisitaren eraginez, Afrikako LGTB+ mugimenduaren errealitatea ezagutzeko asmoz hainbat jarduera antolatuko dira. Horrela, Queer Afrika zikloan zazpi dokumental ikusi ahal izango dira, Uganda, Kamerun, Hegoafrika, Cabo Verde edo Keniakoak, otsailaren 21etik 24ra arte, BilbaoArten. Horrez gain, topagune ireki bat antolatuko da Hassan Kamogarekin eta Violeta Assiegorekin (LGTB militantea eta Amnesty International-eko kidea).

Otsailaren 24an, BBK Aretoan, Hassan Kamogak saria jasoko du Queer Kampala jaialdiaren izenean. "Omenaldi xume honetan parte hartzera
gonbidatu nahi ditugu pertsona guztiak", adierazi du Guillenek.

Horrez gain, egun berean, "Outed: The Painful Reality" pelikularen proiekzioa izango da. Kamogak John Alex Kigoziren bizitza erreala kontatzen du lan honetan: Ugandako egunkariek bere homosexualitatea lau haizetara zabaldu zuten eta horrek hainbat arazo sortu zizkion.

BIGARREN ASTEA

Zinegoak jaialdiaren bigarren astean fikziozko film luze gehienen proiekzioak izango dira. Gainera, antzerkirako tartea ere egongo da, Histeria Kolektiboarekin batera ekoiztuko den "Inundación" lanaren bidez, Magda de Santo argentinarraren zuzendaritzapean; martxoaren 3an eta 4an estreinatuko da La Fundicion aretoan. Protagonistak Leire Ucha, Estibaliz Villa eta Maite Fombellida dira.

Jaialdian ikusgai izango diren filmen artean daude "First girl I loved", Sundance jaialdiko publikoaren saria 2016an; "Rara", Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sariaren irabazlea; edota "Les Vies de Thérèse", Canneseko festibalean Queer Palm jaso zuena.

Gainera, Fant zinemaldiarekin elkarlanean, "La región salvaje" filma ere ikusiko da. Amat Escalanteren azken lan honek Sitgeseko jaialdian parte hartu du eta bereziki aproposa da zientzia fikzioa gustuko dutenentzat.

Film laburrak ere ez dira faltako, Begiradak zikloaren bidez. Aurten ere atal ezberdinak izango dira: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindu elkartearekin batera antolatutako haurtzaro eta nerabezaroari buruzko zikloa; emakumeen istorioak oinarri dituen zikloa; genero identitate eta adierazpenaren inguruko zikloa. Lau ziklo hauetako filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, egun batzuetan euskarazko azpitituluekin eta beste batzuetan gaztelerazkoekin.

ZINEGOAK HEDATUZ

Bestalde, edizioz edizio handitzen ari da Zinegoak jaialdiaren hedapena Euskal Herriko herri ezberdinetatik, eta aurten 30 herri baino gehiagotan egongo da martxoan zehar eta 40 proiekzio baino gehiago antolatuko da (herri batzuetan bat baino gehiago egingo baita). 14 urte hauetan inoiz egon den hedapenik zabalena izango da.

Beste urte batez Donostia geltoki garrantzitsuenetako bat izango da, EHGAM eta Gehitu elkarteen lankidetzarekin batera hiru saio antolatuko baitira. Gainera, Zinegoak Nafarroara bueltatuko da, Iruñean eta Tuteran proiekzioak eginez.

Modu honetan, Zinegoak jaialdiaren hedapenari esker, iraupen erreala hilabetez luzatuko da, martxo osoan zehar ia egunero saioak antolatuko direlako.