Zinema Euskaraz programa udalerri eta eskoletara helduko da orain

"Cristobal Molon" Da Arrakasta Gehien Izaten Ari Den Filmetako Bat
ZINEMA EUSKARAZ
Actualizado: jueves, 14 abril 2011 14:12

BILBO, 14 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zinema Euskaraz programa zabaldu du eta zinema-aretoetatik at ere presente egongo da, udalerrietara eta eskoletara eramanez. Programaren helburua herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera ematea da, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz.

Helburu hau garatzeko, Zinema Euskaraz programak bost jarduera jarri ditu martxan adin guztietako ikusleei zinema euskaraz ikusteko aukera emateko: zinema-aretoetako estreinaldiak, DVDen salmenta, interneteko 'streaming'-a, udalerrietako zine-aretoak eta eskolak.

Horrela, Bilbo, Donostia eta Gasteizko zinema-aretoetan ikusgai dauden pelikulak eskatzen dituzten udalerrietan ere ikusi ahal izango dira. Filmak euskaraz eta gaztelaniaz heltzen dira aldi berean zirkuito-komertzialetara. Hiriburuetan estreinatu eta gero, udalerriek filmak eskuragai dituzte euren herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera bermatzeko eta euskararen erabilera kulturala eta soziala bultzatzeko. Aurreko urteetan bezala, harrera ona izaten ari den ekimena da hau.

Udalerrien zirkuituan, "Jainkoez eta Gizakiez" ("Des hommes et des dieux") bezalako filmak nabarmen daitezke -eskakizun gehien jaso dituenetako bat-, baina baita "Lurralde Debekatua" ("Crossing over"), "Neds" edo "Eztia" ("Miel") ere, Berlingo Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Hartza eta hemendik gutxira tolosarrek euren udalerrian ikusgai izango dutena.

ZINEMA ESKOLAN

Halaber, Zinema Euskaraz eta Zineskola programen arteko akordioari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleek ikusgai izango dituzte euskarazko film hauek euren geletan. Zineskola Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatzen du eta zinearen formatu ludiko eta kulturala erabiltzen du LH, DBH, DBHO eta irakaskuntza ez arautuetako ikasleei hezitzeko didaktika unitate zehatzen bidez.

Akordio honi esker, Zinema Euskaraz programaren bidez, zinema-aretoetan estreinatzen diren pelikulak eskola-zirkuitoan sartzen dira. Horrela, 2011-2012 ikasturtean gehitu egingo da pelikulen zerrenda.

Aurten, 8.000 pertsona baino gehiagok -Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolen DBH 4. eta DBHO ikasle eta irakasleek- "Precious" filma ikusiko dute, Zineskolako "Osasun-hezkuntza" programarentzat aukeratutako filma droga-mendekotasunaren prebentziorako. 2011. urtean zehar, hezkuntza maila ezberdinetako 25.000 ikasle eta irakasle baino gehiagok Zinema Euskaraz programako filmekin gozatuko dute.

Zinema Euskaraz programaren oinarria filmen erakustaldia izanik, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan doako 30 film baino gehiago 'streaming' bidez ikusteko aukera bultzatuko da. Doan ikusi daitezkeen filmen artean arrakasta gehien izaten ari direnak umeei zuzendutakoak dira, hala nola "Glup", "Baso ilunean", "Cristobal Molon", "Txirri eta Mirri eta Txiribiton" eta "Betizu eta urrezko zinzarria".

Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen film-aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal herritarrei.

2011n estreinatutako film sarituen artean honakoak aurkitu ditzakegu: "Jainkoez eta Gizakiez" ("Des hommes et des dieux"), Cannes-eko Jaialdiaren aurtengo Epaimahaiaren Sari Nagusia; "Eztia" ("Miel"), Berlingo Jaialdiaren 2010eko Film Onenarentzako Urrezko Hartza eta 2010eko Oskarretarako aurre aukeratuta; "Lurralde Debekatua" ("Crossing over") Harrison Ford aktoreen zerrendaren buru lez; edo "Mundu hobe batean" ("In a better world"), Atzerriko Film Onenaren Oscar saria aurtengo edizioan eta kategori berdinaren Urrezko Globoa.

Ikuskizunen sailera helduko den hurrengo filma "Last Night" izango da, ezkontzetako arazoei, traizioei eta zeloei buruzko filma. Massy Tadjedin zuzendari iraniarrak Keyra Knightley eta Eva Mendes bezalako profesionalekin osatu du film honen aktoreen zerrenda.