Zinergentziak proiektuaren bigarren film kolektiboa abian dago

Actualizado: martes, 14 julio 2015 11:40

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiak sustatzen duen Zinergentziak proiektuaren bigarren film kolektiboa martxan da, Maddi Barber, Jesus Mari Palacios, Cristina Ezquerra eta Aitor Gametxo zinemagile gazteekin. Zuzendariak muntaketa fasean daude, eta azken emaitza azaroaren 14an aurkeztuko da, azaroaren 13tik 20ra ospatuko den Zinebi 57ren barruan.

   Zinebik zinearen ohiko sustapen zirkuituetatik at geratzen den ikus-entzunezko sormena nabarmentzen eta hobeto ikusten lagundu nahi du, eta horretarako, ohiko zine industrialaren parametroetatik aldentzen diren zinemagileak eta artistak aintzat hartzen eta babesten dituen esperimentazio gunea sortu du: Zinergentziak.

   Zinebiren antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoan, lau izan dira film kolektiboa egiteko gonbitea jaso duten zinemagile gazteak: Maddi Barber, Jesus Mari Palacios, Cristina Ezquerra eta Aitor Gametxo.

   "Zinergentziak zenbait artistaren alde egindako apustua da, gehienak oso gazteak, baina aurretik ere ikus-entzunezko lanetan aritutakoak. Berdin dio zein generotan egin izan duten lan, guztiak nabarmendu dira dela kalitate zinematografikoarengatik dela begirada pertsonalarengatik zein ekarpen estetikoarengatik. Baina ez dute, oraindik, ikus-entzunezko industrian sartzeko edo egitura artistikoan lekua hartzeko aukerarik izan", azaldu dute.

   Oraintxe bertan, lau zinemagileak filmaren edizio lanetan ari dira, eta azken emaitza azaroaren 14an ikusi ahalko da, Zinebiren 57. edizioaren programazioaren baitan.

ZINEMAGILEAK

   Jesús M. Palacios (Donostia, 1980) Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Giza Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean. "Hainbat proiektu ikusezin eta amaigabeen ostean", Sortze Dokumental masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

   Lagunarteko proiektuetan argazki zuzendaritzan aritu eta gero, bere lehen filma zuzendu zuen, "Figura amb Paisatge", TV3-k eman eta hainbat jaialditan ere sariak jaso zituena. "Casa vacía" bere bigarren filma Kimuak 2012 katalogoan izan zen aukeratua. Gaur egun "Ur artean" bere hurrengo lanaren errealizazioa lanetan dabil.

   Cristina Ezquerra (Bilbo, 1987) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), argazki eta ikus-entzunezko irudi espezialitatean. Ikus artista modura hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du, hala nola "GIRLS ON ART" (Bilbo 2013), "MUGAZ BESTE // Au-Deá des Frontiers" (Miarritze 2013), III. Punto eta Marra zine abstraktuko Jaialdia (Madril, 2011) edo Getxoarte 11 (Getxo 2011).

   Maddi Barber (Iruñea, 1988) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da EHUn eta Arte Zuzendaritzan espezializatua Kubako Zine  Eskolan (EICTV). Fabian Suarezek zuzendu berri duen eta laster estreinatuko den "Caballos" filmaren errealizazio taldean parte hartu du, eta 2013tik hona Iruñeko Jazar diziplinarteko kolektiboaren partaide ere bada.

   Azkenik, Aitor Gametxo (Lekeitio, Bizkai, 1989) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ondoren, Sortze Dokumental masterra ikasi zuen bertan, eta, Igone Arreitunandiarekin batera, "La ciutat tipográfica" (2012) bere lehen dokumentala egin zuen, zenbait jaialditan parte hartzeko aukeratua izan dena.

   Ondoren, Maria Elorza eta Maider Fernandezekin batera, "Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa" (2013) zuzendu zuen, eta 2014. urtean euskarazko gidoirik onenaren saria jaso zuen Zinebin. "Bere bizietako bat" (2103) eta "Soinu galduen bila" (2013) zuzendu ditu gero, azken horiek ere zenbait jaialditan erakutsiak izan direnak. 2015ean bere lehen film luzea estreinatu du, "El otro mapa de Abauntz", Punto de Vista-Festival Internacional de Cine Documental jaialdiaren X Films atalaren barruan.