Zineuskadik 160.000 euro bideratuko ditu zinema aretoei laguntzera

Actualizado: jueves, 11 junio 2015 16:37

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Zineuskadi elkarteak 160.000 euro bideratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinema aretoei laguntzeko. Izan ere, Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari eta Zineuskadiko lehendakariak adierazi duenez, "zailtasun handienak dituzten aretoek pelikulak proiektatzen jarraitu ahal izatea bermatu behar dugu".

   Euskadiko zinema aretoei zuzendutako jardunaldia izan da ostegun honetan Donostiako Trueba aretoan, Zineuskadi elkarte publikoak antolatuta. Sektorearen balantzea egin dute jardunaldian, eta elkartea sustatzen ari den laguntzei eta ekimenei buruzko informazioa ere eman dute.

   Zineuskadik laguntza eta ekimen horiek martxan jarri ditu, EAEko zinema aretoetan eragin positiboa izateko asmoarekin, eta programadoreen eta zinema aretoen parte hartzea "oso ona" izan da nabarmendu dute.

   Jardunaldia Clara Monteroren hitzaldiarekin hasi da. Zineuskadi hainbat ekimen lantzen ari dela eta ekimen horiek zertan diren azaldu du Monterok. "Alde batetik, Zineuskadik 160.000 euroko diru laguntza bideratu du zinema aretoentzat. Diru laguntza horrekin areto txikiei lagundu nahi zaie bereziki. Hori dela eta, diru laguntza osoaren zati bat, 125.000 euro, hain zuzen, gehienez hiru pantaila dituzten aretoei bideratuko zaie" azaldu du.

   Ildo horretan, Monterok azaldu du zailtasun handienak dituzten aretoek pelikulak proiektatzen jarraitu ahal izatea eta zinema herritarrei hurbiltzea direla helburuak.

   Diru laguntzaren 25.000 euro hiru pantaila baino gehiago dituzten zinema aretoentzat izango dira, eta gainerako 10.000 euroak Zinema Euskaraz programako pelikulak proiektatzera bideratuko dira.

"ERREFERENTEA"

   Euskal Autonomia Erkidegoa zinema aretoei laguntzak eskaintzen "erreferentea" dela azpimarratu dute topaketan. "Estatu mailan ez dago horrelako diru laguntzarik eta Europa mailan oso gutxi dira aretoei eskaintzen dizkioten laguntzak", azpimarratu du Monterok.

   Erronka sektorean laguntzea ahalbidetzen duten harremanak egitea dela adierazi du Zineuskadiko lehendakariak. "Zenbait ekimenen erdigunea gara, eta gure zinema aretoei laguntzeko asmoa dugu", gaineratu du.

   Hori dela-eta izan dira eragile hauek guztiak jardunaldian: Alfonso Benegas Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko lehendakaria (EZAE), Irene Echeverri Europa Cinemas proiektuko arduradun eta laguntzailea (MEDIA) eta Pedro Barbadillo Cine Arte egitasmoaren lehendakaria.

   Sektorea sustatzea ahalbidetzen duten sareak sortzearen beharra azpimarratuz amaitu du hitzaldia Clara Monterok. "Erakunde publikoa garenez, gure laguntza eta babes guztia izango duzue, baina zuen parte hartzea eta laguntza funtsezkoa da", azaldu du.

   Gaur egun, EAEn 66 zinema areto eta 177 pantaila daude, guztiak digitalizatuta: Gipuzkoan 29 eta 70, Bizkaian 27 eta 89, eta Araban 4 eta 18. Krisialdian egon arren, sektorea eusten ari da, eta ia ez da aretorik itxi. Proiektatzen diren pelikulen %35 baino gehiago europarrak dira, eta joera hori azken urteetan areagotzen ari da.