Zirkualde jaialdia ospatuko da datorren asteburuan Bilboko Errekalde auzoan

Jaialdiaren kartela
Foto: ZIRKUALDE
Actualizado: martes, 2 junio 2015 13:13

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Zirkualde zirku jaialdiaren seigarren edizioa egingo da datorren asteburuan Bilboko Errekalde auzoan. Zirkuko arteetan espezializatutako zazpi konpainiaren ikuskizunak eskainiko ditu jaialdiak Errekaldeko plazan: hiru Euskal Herrikoak, bi Kataluniakoak, bat Andaluziakoa eta beste bat Frantziakoa. Ekimenaren helburua udan Bilboko kaleak animatzea eta hiritarrei kaleko zenbait arte eszeniko mota hurbiltzea da, oraingoan, zirkuko arteetan oinarritutako programaren bitartez.

   Bilboko Udalak jakinarazi duenez, egitarauaren barruan mota askotako ikuskizunak izango dira, ikus-entzule guztientzat, hala nola zirku tradizionalaren hoberena -akrobazia, malabareak edo orekak- kaleko antzerkiarekin, zuzeneko musikarekin, clown lanarekin, umorearekin, dantza akrobatikoarekin edo aireko jolasekin uztartzen dituzten zazpi konpainiaren eskutik.

   Programa Dikothomia euskal konpainiaren "Spazi...O" ikuskizunarekin hasiko da, ostiralean, ekainaren 5ean, 19:00etan. Zirku garaikideko ikuskizuna da, eta pertsonaiek euren bizipenak erakusten dituzte, binaka egindako mugimenduen, orekaren, objektuen manipulazioaren eta aireko tekniken bitartez.

   Zirkualdearen inaugurazio jardunaldiak Zen del Sur talde andaluziarraren "Heian" ikuskizuna ere eskainiko du. Zuzeneko musika, dantza akrobatikoa eta zirkua uztartzen ditu, "ikus-entzuleari indarrez eta sentsibilitatez kargatutako proposamena eskaintzeko".

LARUNBATEAN HIRU IKUSKIZUN

   Larunbatean, ekainaren 6an, egitaraua 18:00etan hasiko da, bata bestearen ostean eskainiko diren hiru ikuskizunekin, Cia Sainete, Compagnie Yi Fan eta La Corcoles taldeen eskutik. Oso proposamen eszeniko desberdinak eskainiko dituzte, bainuontzi baten inguruko clown jolasa, sokaren gainean egindako orekak edo La Corcoles talde katalanak eskainiko duen "Gris" dantza-antzerki, keinu eta ikus-poesia ikuskizuna, dantza-antzerkitik landuta dagoen eta ikus-entzule guztientzat egokia den funanbulismo bakarrizketa.

   Zirkualderen aurtengo edizioa amaitzeko, igandean, ekainaren 7an, Malas Compañías talde bilbotarrak protagonista txatarra izango duen ikuskizun berria eskainiko du; "Txatarra" ikuskizunak metalezko ontziak gora eta behera dabiltzan mundua irudikatzen du, guztia ere akrobaziarekin, umorearekin eta kaleko antzerkiarekin uztartuta.

   Bukatzeko, Companya Jordi Bertrán talde katalanak "Strada" ikuskizuna eskainiko du. Txotxongiloak eta pailazoak dituen zirku emanaldia da, eta bertan Chaplin edo Fellini bezalako maisu handien funtsa jasotzen da. "Zirkuaren arriskua eta poetika, txotxongiloen samurtasuna eta pailazoaren askatasun izaera espazio eszeniko berean elkartzen diren oinordetza artistikoa eta gizatiarra da", azaldu dute antolatzaileek.