Zornotzako (Bizkaia) egoitza berria martxoaren 21ean hasiko da mendekotasun egoeran dauden adinekoak hartzen

Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 18:03

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Zornotzako (Bizkaia) egoitza berria martxoaren 21etik aurrera hartuko ditu mendekotasun egoeran dauden adinekoak. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Zornotzako Udalaren eta Igurco Talde Soziosanitarioaren (IMQ Taldea) lankidetzari esker izan da posible egoitza berria egitea.

Inaugurazio ekitaldia gaur egin da, eta bertan egon dira Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao, Zornotzako alkate David Latxaga eta IMQko kontseilari delegatu Jose Andres Gorricho.

Egoitza berriak 112 plaza ditu, 70 gelatan banatuta, eta gela horiek hiru modulutan banatuta daude, bat solairu bakoitzeko. Plazak adinekoei zuzenduta daude, baldin eta adineko horiek, adina bera, gaixotasuna edo ezintasuna dela-eta, mendekotasun egoeran badaude eta eguneroko jarduerak egiteko beste pertsona batzuen laguntza behar badute.

Zentro berriak 6.990 metro koadro eraiki ditu ia, komuna egokituak ditu, egongelak, begiratokiak, osasun eta erizaintzako arreta emateko bulegoak, fisioterapia aretoak, jangelak, garbitokia, sukaldeak, erabilera anitzeko gelak, langileentzako gelak, kafetegia eta erabiltzaileak, senideak eta bisitariak egoteko tokiak.

Egoitza 3.085 metro koadroko orube batean eraiki da, hain zuzen ere, Zornotzako auzotar batek, jada hilda dagoen Jose Maria Azkunak, Udalari adinekoen egoitza bat bertan eraikitzeko dohaintzan emandako orubean. Bestalde, Zornotzako Udalak Foru Aldundiari laga zion lur-zatia proiektu hau garatzeko.

Foru erakundeko Gizarte Ekintza Sailak, lehiaketa publiko bidez, Igurco Talde Soziosanitarioari esleitu zizkion proiektuaren idazketa eta zentroaren eraikuntza, ekipamendu hornidura eta ustiapena. Egoitza egiteko ia bi urteko lana behar izan da, eta hamar milioi euroko inbertsioa ere bai. Inbertsio honen truke, Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du 38 urteko epean 112 egoitza plazak bete eta mantentzeko.

Hitzarturik ez dauden plazak enpresa esleipendunak kudeatuko ditu merkatu librean. Igurco taldeak Bizkaian kudeatzen ditu, guztira, Bizkaiko Foru Aldundiaren sareko 512 plaza 4 egoitzatan, eta baita 252 plaza ere eguneko zazpi zentrotan.