Zornotzan hildako langilea gas intoxikazio baten ondorioz zendu da

Actualizado: lunes, 24 abril 2017 17:25

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, astelehen honetan Zornotzako kiroldegian hil den 47 urteko Impacto garbiketa enpresako langilea "gas intoxikazio" baten ondorioz zendu dela, eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi die hildakoaren senideei eta lankideei.

Gertatutakoaren ondoren, Bizkaiko Lan Ikuskaritzari eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasuneko Erakundeari ezbeharraren zergatiak argitu eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona eskatu die sindikatuak.

Modu honetan, ELAk prentsa ohar baten bidez salatu du dagoeneko 22 langile hil direla Hego Euskal Herrian 2017. urtean, eta laneko heriotzak eta gainontzeko ezbeharrak "lan prekarietatea lantokietan zabaltzea ahalbidetzen duen lan eredu honen ondorio zuzena" dela. "Enpresek orokorrean beste ezeren gainetik bere irabaziak lehenesten dituzte, langileon osasuna eta bizitza arriskuan jarriz", gaitzetsi du.

ELAren arabera, "gizarte arazo larri honen" irtenbidea langileei "enplegu duin, seguru eta kalitatezkoa bermatzean" dago, eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta ardura daukaten erakundeei" eskatu die helburu horretara bidera ditzatela "neurri erreal eta eraginkorrak" eta "segurtasun eta osasunari dagozkion enpresen betegabetzeak kontrolatzeko beharrezko diren baliabide guztiak".