Zortzi emakumeen etxek arte feminista bultzatzeko Artestura lehiaketa antolatu dute

Artestura lehiaketa antolatu dute
ANDRETXEA
Actualizado: viernes, 30 junio 2017 11:39

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Durangoko Andragunea, Arrasateko Emakume Txokoa, Azpeitiko Emakume Txokoa, Basauriko Marienea, Donostiako Emakumeen Etxea, Eibarko Andretxea, Ermuko Emakumeen Topalekua eta Ondarroako Emakumin Topaleku emakumeen etxeek Artestura lehiaketa artistikoa antolatu dute, gune hauen nortasuna eta baloreak ezagutarazteko eta arte feminista bultzatzeko helburuarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "artea baloreak adierazteko eta transmititzeko modu bat da, eta, hortaz, tresna garrantzitsua da errealitate soziala aztertzeko eta eraldatzeko". Hala ere, arte feminista eta emakumeen artea "ikusezin bihurtuta" daudela deitoratu dute.

Datu gisa aipatu dute New Yorkeko Metropolitan museoan artelanak jartzen dituzten artisten %4 baino ez dela emakumea, eta, ostera, biluziak agertzen diren obretan %76 emakumeen gorputzak direla. Bestalde, Madrilgo Prado museoan, 5.071 gizon artistek erakutsi dituzte lanak, eta soilik 41 emakumek.

Elkarrekin antolatutako ekimen honen bidez, emakumeen etxeek euren arteko sarea ere indartu nahi dute. 2016an egin zuten lehen proiektua elkarlanean: "Testurak", bertsolaritza saio berezia, sareko herri bakoitzean programatu zena. Aurten, lehiaketa amaitzerakoan, "Artestura Feministak" erakusketa antolatuko da, eta hori ere emakumeen etxeetatik pasako da.

Lehiaketaren oinarriak emakumeen etxe antolatzaile bakoitzean eskatu daitezke. 400 euronako zortzi sari eta 200 euronako zortzi aipamen berezi banatuko dira. Udal bakoitzak sari bat eta aipamen berezi bat kudeatuko du. Sarea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.