Zortzi milioi lagunek euskal erakusleihoa ikusi ahal izango dute Londresko Harrods-en

Euskadi Harrods-en izango da urtarrilean zehar
Foto: Eusko Jaurlaritza
Actualizado: jueves, 12 enero 2012 14:09

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, eta Turespañaren laguntzarekin, Euskadi turismogune gisa sustatuko du urtarrilean zehar Londreseko Harrods merkataritza-gune ospetsuan. Kalkuluen arabera, urtarrilean, zortzi milioi pertsona baino gehiagok bisitatuko dute merkataritza-gune famatua.

   Bigarren urtez jarraian antolatu da sustapen-ekintza Londreseko tokirik bisitatuenetako batean, eta joan den urtean ez bezala -Euskadik Andaluziarekin partekatu zuen lekua-, aurtengoan Euskadi izango da ekintzako protagonista bakarra.

   Horrela, merkataritza-guneko bi erakusleiho Euskadiko abangoardiako arkitekturan oinarrituta daude: batak, koloretako kristalekin egindako Guggenheim Bilbao Museoaren erreprodukzioa islatzen du eta, besteak, Marqués de Riscal upategiko jatorrizko maketa. Harrods merkataritza-gunean bertan, bisitariek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat irudi aurkituko dituzte.

   Era berean, gaur arratsaldeko inaugurazioan, duela hilabete batzuk Euskadiri buruzko monografikoa argitaratu zuen ingelesezko 'Conde Nast Traveler' aldizkariaren ehun bat harpidedunek Arabar Errioxako ardo-dastaketan hartuko dute parte.

   Aipatutako ekintzez gain, hil honetan Harrods merkataritza-gunean igorritako erosketa-txartel guztiek Euskadiko logoa izango dute eta erosleen artean bi lagunentzako bidaia zozkatuko da Euskadira.

   Eusko Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez, "zalantzarik gabe, Ingalaterran Euskadi turismogune gisa finkatzen jarraitzeko aukera paregabea da, Ingalaterra baita turistak igortzen bigarren herrialdea eta gure lehentasunezko merkatu nagusietako bat". 2011n, abenduko datuak kontuan hartu gabe, 68.000 turista ingeles baino gehiagok egin zuten bisita EAEra, hau da, Euskadiko hoteletan 125.000 ostatu-gau baino gehiago izan ziren.