Zubietako hodakinen tratamendurako fabrikak nazioarteko onespena jaso du Hannoverren (Alemania)

Antton Lete Hannoverreko bilkuran
Foto: GHK
Actualizado: lunes, 11 mayo 2015 13:28

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Hondakinak tratatzeko Zubietako (Gipuzkoa) fabrikaren proiektu berria aurten Hannoverren (Alemania) egin den Waste to Resources nazioarteko biltzarrean aurkezteko aukeratua izan zen, eta Antton Lete Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoko zuzendari nagusiak biltzarkideen aurrean aurkeztu duenean, haien "txaloak eta aintzatespena" jaso ditu.

   Hannover hirian egin berri den hondakinen tratamendu mekaniko eta biologikoko instalazioei eta birziklapenari buruzko Nazioarteko VI. Sinposiumean egindako aurkezpenean, Letek Zubietako fabrikaren proiektuaren oinarriak zeintzuk diren azaldu du, eta funtsean bi direla gogorarazi du: jatorrian bereizi ez diren hondakinen berreskurapen materiala ahalik eta gehien bermatzea, eta birziklatu ezin daitekeen azken frakzioa inertizatzea, zonalde degradatu batean xede horretarako egokituriko biltegi batera eraman baino lehen, zonaldea berreskuratzeko
proiektu bati lotua.

   GHK partzuergoak Zubietako erraustegiaren proiektua bertan behera uzteko izan dituen arrazoiak gainetik azaltzeko ere aukera izan du Letek, eta, besteak beste, "neurriz gaineko dimentsioa" zeukala azpimarratu du, aurreikusita baitzegoen urtean 320.000 tona hondakin nahasi jasotzea, eta, behin lehortuta, 260.000 tona geratzea errausteko.

   "Horixe zen erraustegiaren ahalmen nominala. Gaur egun, ordea, 170.000 tona hondakin nahasi jasotzen dira, eta behin lehortu ondoren, 120.000 tona inguru izango lirateke. Erraustegiaren neurriz gaineko dimentsionamendu nabarmen horren ondorioz, hondakinak Gipuzkoa kanpotik ekarri beharko ziratekeen fabrikaren bideragarritasunari eutsi ahal izateko, eta horrek ingurumen kalte larria ekarriko ziokeen lurraldeari, lantegia eraikitzearen gehiegizko kostuaz gain, 500 milioi euroan baloratua baitzegoen", azaldu du.

   GHK-ko zuzendari nagusiak eta Rolf Sieksmeyer proiektuaren ingeniariak Hannoverreko Waste to Resources 2015 sinposioan aurkeztu duten Zubietako fabrikaren proiektuak biltzarreko txostengileen eta kideen "aintzatespena eta txaloak" jaso ditu. Gainera, bertaratutakoek interes handia agertu dute lantegia diseinaturik dagoen material berreskurapenaren maila altuekiko eta partzuergoak azken frakzio ez birziklagarrirako planteatu duen konponbidearekiko.

   Irtenbide hori kalteturiko eremu baten berreskurapenean oinarritzen da, Zestoako Osinbeltz harrobi abandonatua izan daitekeen bezala, isolamendu lan egoki baten ondoren bizigabetutako materiaren biltegi bihurtu daitekeena, materia horrek ez baitu ingurumen arazorik sortzen, ez eta usain edo lixibaturik ere. 15 urteko jardunaren buruan, harrobia aisialdirako gune bilaka daiteke herritarrentzat, lehen mailako berreskuratze proiektu baten bidez, mundu mailan ezaguna den Peter Fink
ingurumenaren arkitektoaren parte hartzeak bermatuko duen bezala.