Zuhar Iruretagoiena zarauztarraren erakusketa zabaldu dute Bilboko Rekalde aretoan

Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarra
Foto: Bizkaiko Foru Aldundia
Actualizado: martes, 10 enero 2012 18:41

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarrak egin duen "Vexations" proiektua aurkeztu du Bilboko Rekalde aretoak. 2011ko Rekalde bekari esker eta CPIE Littoral Basque / Euskal Itsasbazterra elkartearen eta Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, Iruretagoienak Hendaiako Nekatoenea Domaine d'Abbadia egoitzan eman dituen hiru hilabeteetan egindako lanak biltzen ditu erakusketak.

   Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Rekalde aretoak Europako zentro artistikoetan artistak prestatzeko duen programan sartuta dago Rekalde beka. Aspalditik abiarazitako programa horren bidez, aretoak erraztasunak eman nahi dizkie artista gazteei atzerrian egonaldiak izateko, eta nazioarteko profesionalek bertako eszenarekiko izan dezaketen interesa piztu nahi du.

   Iruretagoienaren erakusketaren izena "Vexations" da, eta Eric Satie musikagile frantsesak idatzi zuen izen bereko partiturari egiten dio aipu. Hainbat argazki eta eskultura agertzen dira, Hendaiako suhiltzaileen garaje zaharrean grabatutako musika-interpretazio batez lagunduta.

   "Vexations" proiektuaren abiaburuan Eric Satieri buruzko hausnarketa dago. Iraultzaile handia izan zen Satie, baina bere garaian ezikusia egin zioten eta isilarazi egin zuten. Orain, denborak sorrarazten duen urruntasuna tartean izanik, Zuhar Iruretagoienak berrikusi egin du, eta bere garaian izan zituen aurreiritziak kendu dizkio. Satiek egin zituen ekarpenak abiaburutzat hartuta, zehazki, "Vexations" pieza hartuta, artistak saiakerak egin ditu haren ondareekin eta ekarpenekin, egituratu egin ditu eta arte plastikoen esparrutik landu ditu.

   "Vexations" instalazioa ekintza batetik sortzen da, eskultura, argazkia eta musika elkarrekiko harremanetan jartzen dituen ekintzatik, hain zuzen ere.

ARTISTA

   Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) Bilbon bizi da, bertan lan egiten du eta bertan jaso du prestakuntza artistikoa. 2005ean lizentziatu zen, EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta hurrengo urtean arte-esparruko ikasketekin jarraitu zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. 2008an, BilbaoArte Fundazioaren eta Austriako Bregenz hiriko Kunsthaus-en egoitza eta tailer-bekak jaso zituen.

   Besteak beste, sari hauek jaso ditu bere lanekin: Generación 2008 lehen saria, Ertibil Bizkaia 2009ko lehen saria Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak antolatutako artista gazteen erakusketa ibiltarian, eta Gipuzkoako artista hasiberrien 2011ko saria.

   Era berean, Eusko Jaurlaritzak laguntza-beka eman zion 2010ean saiakuntza eta ikerkuntza plastikoan jardun zedin, eta EHUko Euskarako Errektoreordetzak beka eman zion doktore-tesia egin zezan.

   Bere lanen banakako erakusketa hauek jarri ditu: "Coreografías del esfuerzo / Ahaleginaren dantzak" (2009), BilbaoArte Fundazioa, Bilbo; eta "Kein titel zeitlos" (2009), Monterhemoso Kulturunea, Gasteiz. Rekalde aretoko erakusketa otsailaren 12ra arte egongo da ikusgai.